Busturialdean 16 kasu positibo berri erregistratu dituzte
Positibo gehienak Bermeon erregistratu dituzte, 8. Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Urkulluk aitortu egin du izurriaren egungo egoera "larria" dela eta atea ireki dio neurri murriztaile gehiago hartzeari.
Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, atzo beste 16 positibo atzeman zituzten Busturialdean; eguaztenean ere kasu kopuru bera zenbatu zituzten.
Positibo gehienak Bermeon erregistratu dituzte; COVID-19agaz kutsatutako zortzi kasu egon dira. Bost positibo atzeman dituzte Gernika-Lumon, eta bana, berriz, Busturian, Gautegiz Arteagan eta Muxikan.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokienez, 1.325 kasu positibo baieztatu ziren atzo: 605 positibo egon ziren Bizkaian, 570 Gipuzkoan eta 140 Araban. EAEtik kanpo bizi diren hamar pertsonek eman dute positibo. Jakitera eman dutenez, atzo 16.237 test diagnostiko egin zituzten. Herenegun positiboen ehunekoa nabarmen jaitsi bazen ere, atzo erregistratutako kasuekin berriro ere positiboen ehunekoa puntu bat igo da.
Hiru lurraldeetan ospitaleratuta daudenak 395 dira (herenegun baino 9 gehiago). Eta horietatik 84 dira ZIUn daudenak (herenegun baino 5 gehiago).
Neurri murriztaile gehiago? Beste alde batetik, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, koronabirusari buruz hitz egin du Iñigo Urkullu Lehendakariak, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako galdera banari erantzunez. Urkulluk aitortu egin du izurriaren egungo egoera “larria” dela eta atea ireki dio neurri murriztaile gehiago hartzeari.
Gaineratu du Eusko Jaurlaritza une oro ari direla ebaluatzen aste hasieran hartutako neurrien eragina, eta izurriaren garapenaren arabera ez dutela baztertzen bestelako neurri batzuk hartzea, hala nola gaueko aisialdia gehiago mugatzea, ariketa fisikoari eta kirol jarduerei muga gehiago jartzea, hezkuntzako goi zikloetan irakaskuntza ez-presentziala ezartzea eta konfinamendu “zorrotzagoak” abiatzea. Hala ere, azpimarratu du Jaurlaritzaren asmoen artean ez dagoela herritarrak berriro etxean konfinatzea: “Azken alternatiba da dena ixtea eta herritarrak konfinatzea”. Lehendakariaren esanetan, herritarrak berriro konfinatzea erabakirik “errazena” izango litzateke, baina gisa horretako erabakiak hartzea saihestu behar da, pandemiaren lehen olatua “oso gogorra” izan zelako. Kutsatzeak gutxitzea ezinbestekoa dela esan du, eta herritarren “konpromisoa” eskatu du horretarako, “bai maila pertsonalean, bai kolektiboan”. Azken neurri horretaz ez baliatzea espero badu ere.