Begirada berria Ibarrolaren lanari
Agustin Ibarrola Kortezibiko artistak 90 urte bete ditu aurten, eta bere ibilbidea balioan jartzeko erakusketa jarri dute Bilbon. Ibarrolaren lengoaia plastikoaren eta ingurune naturalaren arteko lotura jorratzen du.
Artea eta natura batzearen erakusgarriak dira Kortezubiko Omako Baso Margotua, Allariz herriko (Ourense) Harriak eta zuhaitzak, Llaneseko portuko (Asturias) Memoriaren kuboak, Muñogalindoko (Avila) Garozako harri margotuak edota Botttrop (Alemania) Ruhreko trabesak. Denak ala denak Agustin Ibarrola Kortezubiko artistaren lanak dira.
Langile familia batean jaio zen Ibarrola. Laster sartu zen Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan, eta hamazazpi urte zituela bakarkako lehen erakusketa egin zuen. Horren ondorioz, Madrilera joan zen, DanielVazquez Diaz artistagaz lan egitera. Gaztetatik interesatu izan zaio euskal tradizio piktorikoa, eta arte garaikidearen abangoardiko korrontea uztartzea erabaki zuen. Gero, Parisera bidaiatu zuen. Sena ibaiaren hirian, abangoardiako artean murgildu zen eta Equipo 57 taldea sortu zuen beste artista batzuekin batera.
1961an bilbora itzuli zen, eta 1962tik 1965era bitartean kartzelan egon zen, alderdi komunistako kide izatea leporatuta. Bueltan, Euskal Eskolako talde artistikoa sortzen hasi zen, eta 80ko hamarkadan EHUko Arte Ederren fakultateko irakaslea izan zen.
90 urte bete ditu abuztuaren 18an, eta bere ibilbidea balioan jartzen duen erakusketa jarri du Bizkaiko Foru Aldundiak Rekade aretoan. Agustin Ibarrola, naturalki izeneko erakusketa artista bizkaitarraren lana da, eta bere lengoaia plastikoaren eta ingurune naturalaren arteko lotura ezagutarazten du. 2021eko uztailaren 4ra bitartean egongo da Ibarrolaren lanen bilduma ikusteko aukera.
Omako Baso Margotuaren enborrak bere sorkuntzako abentura estetiko ezagunenetako baten euskarria dira. Baina asko dira Ibarrolak naturarekiko duen eta izan duen konpromisoa erakusten duten lanak. Bere ibilbide luzeak erakusten du hori. “Gure asmoa da artistaren obra begirada berri bategaz aurkeztea, naturagaz duen lotura intimo eta sentikorra agerian uzteko, hori izan da-eta beraren lana Bizkaian eta nazioarteko proiektu guztietan”, azaldu du Jose Ibarrola erakusketaren komisarioak.
Hori horrela, sortzailearen lengoaia plastikoa egituratzen duten gakoak naturarekin zelan lotuta dauden azaltzen du Ibarrolaren 70 obra baino gehiago batzen dituen erakusketak.
“Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran natura eta trenbide-trabesak margolan eta eskulturen euskarri gisa sartu zituenean, bere ekoizpen artistikoan etapa berri bat ireki zuen», azaldu du Jose Ibarrola komisarioak. Lengoaia «propio, konplexu eta garaikidea” garatzen hasi zen garai horretan: “Lur azpiko ibai sakon batek bezala, bere ekoizpena zeharkatzen duen lengoaia da, eta bere obra guztietan zehar igarotzen da, espresionistenetik arrazionalistenera edo figuratibotik abstraktuenera”.
Denetariko materialak
Erakusketaren ibilbidea artistak lantzen dituen euskarri materialekin zerikusia duten arloetan egituratzen da: zura, harria, burdina eta papera.
Erakusketan margolanak, eskulturak, collegeak, marrazkiak, maketak eta ingurune naturalean egindako esku hartzeak ikus daitezke. Horietako batzuk oso esanguratsuak dira, hala nola, desagertuta dauden Ereñozarreko haitzak edota argitaratu gabe dauden Omako baserriaren inguruko zuhaixken hostoetan egindako azken pinturak.
Jatorrizko ikus-entzunezko bat ere egin du Josu Venerok. Artistaren lana “oso ondo” ezaguten du, eta kamerarekin haren iblbidearen zati handi bat erregistratuta dauka. Hala, dokumentala sortu du, haren lan nagusiak eta esku-hartze esanguratsuenak jasotzen dituena.
Jose Ibarrola, erakusketaren komisarioa: “Natura eskulturen euskarri gisa lantzen hasi zenean, etapa berri bat hasi zuen”
Naiel Ibarrola Agustin Ibarrolaren lobak aitona omentzeko berariaz sortutako soinu-girotzea egin du. “Txikia nintzenean eskulturaz betetako lorategi hura anaiarekin ikertzen nuen planeta ezezagun bat zen”, dio, eta horretan oinarritu da konposizioa egiteko. Guztira hiru soinu-piezetan banatu du: “07:00etan hasten da dena Omako haranean. Lehen eguzpi izpiekin grabatu dut zelan hitz egiten duten txoriek euren artean. Lehenengo pieza soinu-paisaia horren joko harmonikotik sortzen da. Txalaparta baten antzera haren trabesak jotzean eta haren eskulturak, harriak eta erremintak oinarri erritmiko gisa erabiltzean sortutako soinuek markatzen dute bigarren piezaren norabidea. Eta hirugarrena opari bat da nire aitonarentzat, 90 urte betetzeagatik”, azaldu du. Konposizioak aitonaren obra “itzelagaz” jolasteko balio izan diola aitortu du Naiel Ibarrolak.
Jarduera didaktikoak
Erakusketagaz batera, bitartekaritza eta didaktika jarduera osagarriak egingo dituzte; besteren artean, artistarekin topaketak egingo dira, Jose Ibarrola komisarioagaz hain zuzen, baita bisitak eta tailerrak familian ere.
Jarduera guztiak doakoak dira, eta COVID-19aren protokoloari jarraituz, edukiera mugatua izango da; beraz, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea 94 406 85 32 telefono zenbakira deituta edota salarekalde@bizkaia.eus helbidera idatzi.