Elai Alai dantzari taldeak ikasturte berria hasiko du
Ikasturte hasiera zehaztuko dute, eta entsegu orduak adostuko dituzte guztien artean.
Gernika-Lumoko Elai Alai dantzari taldea ikasturtea hastear dago. Eta ikasturte hasierako bilera deitu du barikurako, 17:30ean, Pasealekuko frontoian.
Bertan, ume eta gaztetxoen ikasturte hasiera zehaztuko dute, eta entsegu orduak adostuko dituzte guztien artean. Izan ere, datorren astean hasiko dira ikasturteagaz. Euskal dantzak eta ohiturak ikasi nahi dituztenentzako aukera honetan hartuko dituzten gazteenak 2013an jaiotako neska mutilak izango dira.
Helduei dagokienez, maila aurreratukoek bihar hasiko dute ikasturtea. Izena emateko aukera izango dute eta ikastaroei ekingo diete. Aurreko urteetan ikasitakoak errepasatu eta dantza berriak ikasiko dituzte.
Etzi, berriz, zerotik hasten direnen txanda izango da. Ordu eta leku berean jarri dute hitzordua, eta euskal dantzak ikasiko dituzte bertaratzen direnek. Besteren artean, zazpi jauzi, jota edota arin-arina ikasiko dituzte, horiek izaten dira-eta gehienek ikasi gura dituztenak. Hauek ere, izena eman dezakete.
Arduradunek jakinarazi dutenez, batzar guztietan COVID-19ak eragindako egoerari buruz hitz egingo dute. Hala, zein neurri hartu dituzten zehaztuko dute, eta dantzariek errespetatu beharko dituzten osasun eta higiene neurriak zeintzuk diren azalduko dute. “Udalagaz kontingentzia plana egin genuen, eta horretan oinarrituta emango ditugu saioak”, azaldu dute dantzari taldeko ordezkariek.