Urteko erakusleiho handirik barik
Aurten ez da Urriko Azken Astelehenik egongo. Ez da jendetza batuko Gernika-Lumon, eta baserritar eta nekazariek ezingo dute aurten batutako uzta erakutsi. Udalak arduraz jokatzeko deia egin du.
Urriko plaza handia da Urriko Azken Astelehena. Baserritarren erakusleihoa. Astelehenean, urriko azkenean, baina, Gernika-Lumoko kale eta txokoak ez dira jendez beteko. Beste herri handi batzuetan legez, ez da azoka handirik egongo.
Urriko Lehen Astelehenean abeltzainek ezin izan zituzten jendaurrean aurkeztu euren ganaduak. Astelehenean ere, baserritarrek ezingo dituzte erakutsi jaso berri dituzten uztak. Erakusleiho handirik barik geratu dira.
Iaz, 310 postutan euren produktu onenak erakutsi zituzten nekazari eta artisauek, eta 110.000 pertsona bildu ziren horiek ikusi eta dastatzera. Udal arduradunek jende pilaketa hori saihesteko eta segurtasuna bermatu asmoz hartu dute azoka ez ospatzeko erabakia. Iñaki Gorroño udal arduradunaren berbetan, “egoerara egokitu” beharra dago: “Ekitaldi jendetsuak egiteko behar diren baldintzak ez dira betetzen”. Arduraz jokatzeko deia egin du Gorroñok, eta jaiak ez egiteko helburuagaz bat egiteko eskatu die herritarrei: “Aurten ez delako ezer ospatu behar”.
COVID-19ak markatutakoa urte zaila izaten ari da baserritarrentzat, eta ulertzen dute udalak hartutako erabakia. Hala ere, horrelako ohitura zaharrak ez egitea “pena” handia dela diote. Hori berretsi du Jacqueline Txerdudi baserritarrak. Urteak daramatza Urriko Azken Astelehenean bere produktuak saltzen: “Azoka tradizio handia da, eta falta egiten du. Baina, aurten, egoera dena da, eta ulertzen dut erabakia”. Jendeak astelehenean zerbait berezia egingo zuten edo ez galdetzen zion Txertudiri, baina urtero azokara joan ohi izan den jendetza ikusita, uste du hori kontrolatzea “ezinezkoa” litzatekeela: “Jendetza batzen da, eta ezinezkoa da aforoa kontrolatzea”.
Sabin Aranburu Maumeko artzainak gaztetatik egiten ditu gaztak. Busturialdean Idiazabal gazta ekoizten duen bakarra da. Azoka ez egiteak baserritar askori eragingo diela dio: “Nekazari askori eragingo die. Urtero gaztaren 70 postu inguru egoten dira, eta gehienek ondo saltzen zuten. Aurten, gazta hori ezin izango dute askok saldu”.
Salerosketak
Urriko Azken Astelehena Bizkai, Araba eta Gipuzkoako azokarik “onena” dela dio: “Duda barik. Asko saldu izan dugu guk. Beti 150 gazta baino gehiago saltzen ditugu, eta gehiago eramanez gero, gehiago salduko genukeela uste dut. Gazta asko saltzen den produktua da”.
Txertudiren salmahaian Gernika eta bere inguruetan landaturiko denetariko ortuariak aurkitzen ziren. Azokan, baina, ez zuela askorik saltzen dio: “Proportzionalki, lan egindako orduak eta saldutakoak ikusita, azokan egotea ez dela eraginkorra esango nuke”. Hala ere, etorkizunean erostera animatuko diren bezeroak erakartzeko aprobetxatzen dute azoka. “Erakusleiho bikaina da, baserritarren lana aintzat hartzen duen azoka handia. Plaza horrek kontaktuak egiteko balio du, jende berria ezagutzeko eta bezeroak aurkitzeko. Ekoizten duzuna azaltzen duzu, zer daukazun. Urtero egiten dira bezeroak”.
Norberaren bezeroak
Asteleheneko urriko azken azokan saldu ohi dituztenak ez dituzte salduko, baina euren bezeroak “fidelak” direla diote biek ala biek.
Duela hamabi urtetik Gernikako Merkatu Plazan astelehenero egoten da Aranburu, eta Durangora ere joaten da zapatuetan. Bere bezeroek ondo erosi dutela dio, baita bezero berriak egin dituela ere: “Asko saldu dugu aurten. Produktu asko atera ditugu, inoiz baino gehiago. Ez dakit Facebookagatik edo jendeak bertokoa gehiago kontsumitzeko erabakia hartu duelako izango den”. Asteleheneroko azokan jende gutxiago dagoela, baina gehiago saldu duela esan du: “Beste urteetan baino jende gutxiago dabil, baina ondo saldu dugu. Baserritarrak pozik daude”.
Txertudi ez da egoten Merkatu Plazan, Urriko Azken Asteleheneko eta Santo Tomaseko azoketan bakarrik egoten da. Horiez gain, bezero propioak ditu, eta horiek mantendu ditu: “Hala ere, nabaritu da koronabirusaren eragina, jendeak ez du lehengo beste erosten. Asko lan barik geratu dira, eta erosketak murriztu dituzte”. Norbanakoetan ez dela galera askorik egon onartu du, baina jatetxeak diren bezeroak ditu, eta horien eskaera dela murriztu dena nabarmendu du: “Jatetxeetara ez doa horrenbeste jende, aforoak murriztu dituzte, eta produktuen eskaeran nabaritzen da hori”.
Azokak murrizterakoan euren lana itzalean geratzen dela uste dute baserritarrek. Izan ere, euren lana balioan jartzeko balio dute horrelako plazek. “Gure lana ez ikustea da azokarik ez egiteak daukan gauzarik txarrena. Jende askok ez daki zelako lana den gurea. Eta ez da txantxa bat. Ez da zortzi orduko lana egin eta lasaitzea edo atseden hartzea. Ez. Ez da asteburuetan jai izatea. 10 edo 15 orduz lan egiten dugu lan egin behar denean, eta ez dugu opor egunik izaten. Guretzat denak dira lan egunak”, aitortu du Aranburuk.