Jaurlaritzak mugikortasuna are gehiago mugatu du 28 udalerritan
Bizkaiko 6 udalerriri eta Gipuzkoako 22ri eragingo diete neurriok, tartean Lekeitiori. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako herrietan, joan den zapatuan iragarritako neurriak sartuko dira indarrean. Hala ere, sei pertsona baino gehiago elkartzeko debekua gomendioa izango da orain.
Eusko Jaurlaritzak joan den zapatuan iragarritako neurriez gain, “neurri gehigarriak” ezarri ditu zona gorrietan; azken hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa altua duten 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak dira horiek. Guztira 28 udalerriri eragingo diete neurriok: Bizkaiko seiri eta Gipuzkoako 22ri, tartean dago Lekeitio.
Atzo 25 udalerri zehaztu zituzten azken hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa altua dutenen artean, eta gaur beste hiru gehitu dituzte zerrendara. Hauek dira kolore gorrian sailkatutako Bizkaiko herriak: Abadiño, Durango, Elorrio, Ermua, Lekeitio eta Ortuella; azkena laranjatik gorrira igaro da gaur.
Laranjaz margotu dituzte, berriz, Abanto, Arrigorriaga, Berango, Bilbo, Erandio, Galdakao, Gueñes, Muskiz, Ondarroa, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapagaran eta Zornotza.
Eta horiz honako hauek agertu dira: Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Derio, Etxebarri, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Leioa, Mungia eta Zalla.
Gorriz margotutako herri horietan zorrotzagoak izango dira koronabirusaren hedapena saihesteko neurriak, eta gaur bertan sartuko dira indarrean, EAEko aldizkari ofizialean argitaratu orduko. Hurrengo hamalau egunetan egongo dira indarrean.
Osasun Sailak egoera epidemiologiko larria duten 25 herri horietarako “gomendio orokorrak” eman ditu, herri horietako jarduera eta mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko asmoz. Herritik ez ateratzeko eta herrira ez sartzeko aholkatu dute, “ohiko salbuespenetarako izan ezik”. Lanerako, ikasteko, menpeko pertsona bat zaintzeko… atera ahalko dira herritarrak. Ezinbestekoak ez diren gizarte jarduerak baztertzeko eta gizarte topaketak elkarbizitzako talde egonkorrera mugatzeko gomendatu du: “Bertan behera utzi edo atzeratu beharko da ezinbestekoa ez den edozein familia- edo gizarte-jarduera. Ahal den neurrian, barnealdeko espazioetako gizarte-topaketak bizikidetzako talde egonkorrera murriztu beharko dira”.
Gomendio orokorrez gain, aginduak eta debekuak ere ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak 25 udalerri horietan. Kirol jarduerarekin, parkeekin eta saltokiekin zerikusia dute aginduok. Bertan behera geratu beharko dira taldeko kirol jarduera guztiak, bai instalazio itxietan zein irekietan, “lehiaketa ofizialetakoak izan ezik”. Hori horrela, kirola bakarka baino ezingo da egin.
Haur parkeak, parke publikoak eta terrazak ezin izango dira erabili 21:00etatik 08:00etara artean. Hala ere, horietatik pasatu ahalko dela zehaztu dute.
Merkataritza establezimenduek, berriz, itxita egon behar dute 21:00etatik 08:00etara, hauek izan ezik: elikadura establezimenduek, farmaziek eta erregaia zerbitzatzen dutenek. Gainera, tarte horretan ezingo dute alkoholik saldu.
Tabernetarako eta jatetxeetarako ere indarrean egongo da ordutegi muga hori: 21:00etatik 08:00etara itxita egon beharko dute. Intzidentzia tasa handiko herrietako ostatuak eta jatetxeak 21:00etarako hutsik egon beharko dira, jenderik barik, eta ezingo dira zabaldu 06:00ak baino lehen. Horrez gain, tabernetan debekatuta egongo da barran kontsumitzea: mahaian eta jesarrita soilik hartu ahalko dira janari edariak.
Gainontzeko udalerriak.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako herrietan, joan den zapatuan iragarritako neurriak sartuko dira indarrean. Hala ere, sei pertsona baino gehiago elkartzeko debekua bertan behera utzi dute EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren ostean; gomendioa da orain.
Ostalaritzan, kultur ekitaldietan, kirol instalazioetan, gurtza lekuetan eta igogailuetan edukiera %50ekoa izango da. Gainera, ostalariek gauerdian zarratu beharko dute, eta umeentzako parkeak ezingo dira 23:00etatik aurrera erabili. Ostalaritzan, mahaien artean 1,5 metroko distantzia fisikoa bermatu beharko da, mahaiko 6 pertsona egon ahalko dira gehienez, “bai barruan zein kanpoan”, eta kontsumitzeko jesarrita egon beharko da.
Jende asko elkartzen den ekitaldiei dagokionez, 400 pertsonako muga ezarri dute eremu itxietan, eta 600ekoa, berriz, espazio irekietan. Txoko eta elkarte gastronomikoetako jardiera ere debekatuta egongo da.
Aire zabaleko kirol jarduera “kontaktu fisikorik barik” eta 6 pertsonatik beherako taldeetan egin ahal izango da, “banaka edo taldeka”. Federatu gabeko kirol jarduerei dagokienez, ez dago debeku espliziturik hasieran iragarri bezala: kontaktu fisikorik gabe eta sei pertsonatik beherako taldeetan kirola egin ahal izango da, banaka edo taldeka. Eskola kirola, ordea, eten egingo dute.