EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu bilerak 6 pertsonara mugatzea
Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak "oinarrizko eskubideak urratzen" dituelako eta "lege babesik" ez duelako hartu dute erabakia. Urkulluk ez dago ados erabakiagaz, "inondik inora".
Eusko Jaurlaritzak talde bilerak mugatzeko hartutako erabakia ez du onartu EAEko Auzitegi nagusiak. Ez du baimendu taldeen topaketak toki publiko eta pribatuetan sei lagunetara mugatzea, “oinarrizko eskubideen aurka doalako eta lege babesik ez duelako”. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei soilik “gomendatu” ahal izango die gehienez sei pertsonarekin batzea. Ez da “betebeharra” izango.
Pasa den zapatuan jakinarazi zuen Jaurlaritzak pertsonen mugikortasuna eta jende pilatzeak gehiago mugatzeko neurriak hartuko zituela, LABI aholkularitza batzordeak egoera epidemiologikoa aztertu ondoren. Horien artean zegoen bilerak sei pertsonetara murrizteko erabakia, eta hori Justizia Auzitegi nagusiak berresteko esperoan zegoen Eusko Jaurlaritza, “agindua indarrean jartzeko”. Auzitegiak hori onartu ez duenez, orain bost eguneko epea du helegitea aurkezteko.
Eusko Jaurlaritzak iragarritako eta sei pertsona biltzeko eskubidea mugatzeko aginduaz baino ez du hitz egin epaiak, gainerakoek oinarrizko eskubideak urratzen ez dituztela uste duelako.
Urkulluren iritzia. Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiagaz ez dator bat Iñigo Urkullu lehendakaria. Facebook sare sozialean argitaratu duenez, ebazpena “errepsetatu eta onartu” egiten du, baina ez dator bat autoagaz “inondik inora”.
Are gutxiago Fiskaltzak aldez aurretik “aldeko iritzia” eman ondoren: “Badirudi auto honek alarma-egoera erabakitik igarotzen ez den edozein neurriri ate guztiak itxi nahi dizkiola. Borondate horrekin bakarrik ulertu daiteke horrelako epai bat. Badirudi Eusko Jaurlaritzak iradokizunak bakarrik egin ditzazkeela”. Lehendakariaren iritziz, hala ere, erabakiak erakusten du Auzitegiaren oniritzia ezinbestekoa zela neurri batzuk praktikan jartzeko. Nolanahi ere, uste du “hobe” litzatekeela gizarteak berak mota horretako neurriak “borondatez” hartzea.
Lehendakariak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak egoera aztertzen eta neurriak proposatzen jarraituko du, “koronabirusak sortu duen egoerari erantzuteko”. Izan ere, Justizia Auzitegi Nagusiaren auto hori bat etorri da Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan kasu positiboak nabarmen handitzearekin: “Eusko Jaurlaritzaren jarrera irmoa izaten jarraituko du osasun larrialdi egoera honi aurre egiteko”. Hala, arratsaldean LABIren bileran elkartuko dira, eta egoeraren diagnostikoa egingo dute eta jarduteko neurri berriak planteatuko dituzte: “Jaurlaritzak eta erakunde guztiek birusa gelditu eta pertsonen osasuna bermatzeko helburu partekatuarekin lanean jarraituko dugu. Lankidetzarako deia egiten dugu”.
Kasu positibo berriak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo 13.470 PCR egin zituzten, eta horietatik 1.033 positibo atzeman zituzten (%7,7), inoizko gehien; orain arteko kutsatze kopururik altuena abuztuaren 28an zenbatu zuten, 866 positibo egon ziren.
Busturialdeari dagokionez, 9 kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo, gehienak Gernika-Lumon; lau izan ziren udalerrian atzemandako kasuak. Bermeon hiru kasu zenbatu zituzten, eta bana Foruan eta Ibarrangelun.
Gaur emandako datuen arabera, azken egunetako joera mantendu egiten da lurraldekako datuetan. Kasu gehienak Gipuzkoan (503) erregistratu zituzten atzo; Bizkaian 423 kasu zenbatu zituzten, eta 96 Araban. Beste 11 kasu EAEn bizi ez diren herritarrenak izan ziren. Jakinarazi dutenez, kasu gehienak 40-64 urte bitarteko herritarren artean zenbatu dituzte oraingoan ere.
Ospitaleratutakoei dagokienez, hiru lurraldeetan 339 pertsona daude ospitaleetan COVID-19aren eraginez. Eta horietatik 62 ZIUn daude. Aurreko egunetan aipatu modura, ospitaleratutakoen kopurua eta ZIUn daudenena goraka doa.