Umeentzako jolasak egingo dituzte zapatuan, Kortezubin
Eskulanak, jolasak eta hainbat eratako dinamikak izango dituzte aukeran, eta parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute.
Ume eta gazteei zuzendutako ekimenak egingo dituzte, zapatuan, Kortezubiko frontoian. Udalak eta Ehunzango Jolasak bultzatuta, eskulanak, jolasak eta hainbat eratako dinamikak izango dituzte aukeran.
18:00etatik aurrera, hiru eta bederatzi urte bitartekoentzat eskulanak eta jolasak prestatu dituzte arduradunek. Zehaztu dutenez, hiru eta zazpi urte bitarteko umeak gurasoek lagunduta egon beharko dira, “besteak euren kabuz”. Hamar urtetik gorakoek dinamikak eta jolasak egingo dituzte 20:00etatik aurrera.
Bertaratu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute Kortezubiko Udaletxean, eta hori egiteko azken eguna da biharkoa.
COVID-19aren eraginpean egoteko arriskuari aurre egiteko prebentziorako neurriak ere hartu dituzte Kortezubin. Jardueran parte hartzen duten guztiek maskara erabili beharko dute, eta sarrera eta irteera ordenatuta, eta, behar izanez gero txandakatua izango da, “pilaketak saihesteko”. Horretarako, begiraleek koordinatuko dute sarrera eta irteera.
Sarreran eta inguruan batzar edo bilera jendetsuak saihestuko dituzte, “ahal dela”. Eta erabiltzaileek ekintzak garatzeko gunean egiten dituzten joan-etorriak ere ahalik eta gehien murriztuko dituztela esan dute: “Familia bakoitzak bere gunea izango du”.
Betiko legez, frontoian sartzerakoan, gel hidroalkoholikoa erabiliz eskuak garbitu beharko dira, eta jardueraren garapenean zehar ere eskuak garbituko dituztela adierazi dute. “Mahaiak, aulkiak eta jarduera garatzeko erabiltzen den material guztia ere aurretik eta ostean garbituta eta desinfektatuta egongo da”.