Eskola jantokietako grebak ez du eragin handirik izan eskualdeko hezkuntza zentroetan
Bermeoko Eleizalde Ikastolan eta San Frantzisko herri ikastetxean, Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolan eta Busturiko Jose Maria Uzelai Herri Ikastetxean egin dute bat greba deialdiagaz.
Hiru eguneko greba deitu zuten ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletako jantokietan; gaurko, urriaren 27rako eta 29rako egin zuten deia. Hezkuntza sailak atzo batzar baterako deia egin arren, ikastetxe publikoetako, itunpekoetako eta pribatuetako jantokietako langileetako batzuk greba egitea erabaki dute. Busturialdeari dagokionez, grebak ez du ia eraginik izan eskualdeko hezkuntza zentroetan.
Bermeoko Eleizalde Ikastolan eta San Frantzisko herri ikastetxean, Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolan eta Busturiko Jose Maria Uzelai Herri Ikastetxean egin dute bat greba deialdiagaz. Eleizalde Ikastolan ez da zerbitzu minimorik egon. San Frantzisko herri ikastetxeko hiru begiralek egin dute bat gaurko grebagaz; hori horrela, LHko 5 eta 6. mailako ikasleak izan ezik, gainontzekoek jantoki zerbitzua eduki dute. Seber Altube Ikastolan ere, grebagaz bat egin dute begirale gehienek, eta zerbitzu minimoak eskaini dituzte. Uzelai Herri Ikastetxeari dagokionez, langile bi ez ezik, besteek greba egin dute. Hala, Haur Hezkuntzako ikasleek jantokia izango dute, eta Lehen Hezkuntzakoek, berriz, ez.
Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxean jantoki zerbitzuan ez da aldaketarik egon, eta ohiko zerbitzua eskaini dute. Gernika-Lumoko Allende Salazar Herri Ikastetxean, San Fidel Ikastolan eta Mertzede Ikastetxean ere ez dute greba deialdiagaz bat egin. Arratzuko Barrutia Herri Ikastetxean eta Barrutialde BHIn ere normaltasunez eman dute zerbitzua, langileek ez dute greba egin eta.
Eskola txikietan ere ia ez du eraginik eduki grebak. Eako Haizeder Eskolan, Gautegiz Arteagako Montorre Herri Eskolan eta Mundakako Eskolan zerbitzua normaltasunez eman dute.
Eskaerak. Gogoratu dutenez, maiatzaz geroztik, sindikatuek Hezkuntza Sailarekin bilera bat egiteko eskatu dute, “eskola-jantokien itzulera segurua aztertu eta negoziatu ahal izateko”. Hala ere, Hezkuntza sailak orain arte hartutako erabaki guztiak “alde bakarrez” hartu eta ezarri dituela salatu dute: “Joan den irailaren 15ean hezkuntza-komunitate osoak lehen greba deialdia egin ondoren, hezkuntzako langileen mahai guztiak deitu ditu sailak, azpikontratetako langileak izan ezik”. Hori horrela, sindikatuek “gaitzetsi” egin dute sailak jantokietako langileekin izan duen jarrera, “enpresa pribatuek kontratatutako langileak izan arren EAEko ikastetxeetan zerbitzuak ematen dituzten langileak direlako”.
Azaldu zutenez, lan baldintzak defendatu nahi dituzte, baita osasuna bermatu ere. Aldarrikapenak oso argiak dira: segurtasunaren bermea, enpleguari eta lan-baldintzei eustea, ratioak jaistea eta lan-kargak ez-handitzea, zerbitzu seguruak eskaintzea eta horiek kalitatezkoak izatea.
Sindikatuen arabera, aurreko ikasturteko ratioak dituzte, eta ez diete jaramonik egin talde egonkorren eta espazioaren beharrei. Ikusi dute “inprobisazioak” eta jantoki seguruak izateko langile faltak “mesfidantza” eragin dutela, eta, sindikatuen iritziz, familia askok ez dute zerbitzua eskatzen, “beharra izan arren”. Hainbat ikaslerentzat jantokiek duten garrantzia azpimarratu zuten: “Ez dugu ahaztu behar egunean jasotzen duten otordu oso bakarra dela jangela zerbitzua erabiltzen duten ikasle askorentzat”.
Jakinarazi dutenez, Hezkuntza sailak greba hasi baino egun bat lehenago deitu du bilera. “Gehiago dirudi herritarrei eta familiei begirako mugimendua, arazoa konpontzekoa baino, azken egunera arte itxaron baitu greba urriaren 7tik deituta dagoenean”, adierazi dute sindikatuek. Hala, langileek deitutako mobilizazioei esker, saila kolektibo horren aldarrikapenak entzutera eseriko dela diote, “mobilizazio horiek gabe eta sektoreak duen indarra gabe bilera hori ez zelako posiblea izango”.