"Betiko ez joateko", badatoz
Musika eta kultura babesteko asmoz, bueltan dator Iparragirre Rock Elkartea. Abendura bitarteko egitaraua prestatu dute, eta martxan jartzeko prest daude. Domekan, Lenoir eta Miceren kontzertuagaz hasiko dute aro berria.
Bueltan datoz kontzertuak. Martxan jarri dira Iparragirre Rock Elkarteko kideak. Orain arte egin legez, eskualdeko eta inguruetako musika bultzatzen jarraitzeko asmoa dute.
“Bagatoz. Hau da musika eta kultura babestu eta laguntzeko modu bakarra. Martxan jarri behar dugu gelditu nahi ez badugu. Gure proiektuak bizirik irauteko bide bakarra da kultura martxan jartzea, bai bideragarritasun ekonomikoaren aldetik, eta baita ere gure helburu nagusia den eskualdean musika zabaltzeko helburu horren bidean”, azaldu dute Iparragirre Rock Elkarteko kideek.
Koronabirusaren eraginez, martxoaren erdialdean alarma egoera ezarri zen, eta dena gelditu behar izan zen, Iparragirreko kontzertuak tarteko. Orduan, Lekuek jaialdia zegoen martxan udalerrian, eta bat-batean bertan behera utzi behar izan zuten festa. Konfinamendu zorrotza ezarri zuten agintariek, eta hainbat sektore kaltetu zituen horrek, tartean kulturaren arloa. “Martxoan gelditu ginen, Lekuek jaialdia bukatu barik zegoela. Kalkulu ekonomikoak egiten hasi ginen, eta uda igaro genezakeela ikusi genuen”, aitortu dute elkarteko kideek. Baina pandemiaren egoera uda bukaeran gaur egun dena baino hobea izatea espero zuten.
“Lasai” zeuden, baina egoerak hobetzen ez duela ikusita, kontzertuak antolatzeko beharra nabaritu dute. Izan ere, koronabirusak kulturaren arloa «gogor kolpatu» duela diote, baina eurena den underground eszena oraindik eta «kaltetuago» dagoela uste dute: “Beti egon izan gara azken lerroan, egunez egun bizitzen, zailtasunekin, baina orain zailtasun horiek areagotu egin dira”.
Iparragirre Rock Elkartearen proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa “ezbaian” dagoela diote, eta, ondorioz, baita proiektua bera ere: “Elkartearen diru kontuak ikusita, ohartu ginen zerbait egin behar genuela. Birusak ekarritako egoera ekonomiko honek ezer egin barik hiltzen gaitu; martxan jarri gara zulotik ateratzeko”.
Kontzertuen beharra dute, kontzerturik egon ezean, ez dutelako behar duten finantzaketa lortuko, eta ezingo dutelako Iparragirre mantendu. Ez eta elkartearen parte diren taldeek entsegatzeko lekuak ere. “Proiektua Iparragirre Rock Elkarteko taldeak bultzatzea da, baina kanpoko jenderik barik ez gara ezer. Izan ere, kanpora begirako zuzeneko kontzertuak eman gura dituzte taldeek. Kontzertuak behar ditugu, gure proiektuak zentzua edukitzeko”.
Hori horrela, uztailaren amaieran kontzertu bat egin zuten, “proba modura”. Eta kontzertuak antolatu ahal zirela ikusi zuten; «muga askorekin», baina egin ahal zirela azken finean.
Erantzukizuna
Eszenarekiko erantzukizuna dutela diote elkarteko kideek: “Herriari edota beste areto edota gaztetxeei erakutsi gura diegu gauzak ganoraz egiten badira, kontzertuak egin daitezkeela”.
Iparragirrek lekua ematen die beste edozein areto handitan lekurik ez dutenei, eta horretan jarraituko dute, “eszena hori kolpatuena delako”. Izan ere, gaur egungo kultura “oso instituzionalizatuta” dagoela uste dute: ”Oso arriskutsua da hori. Dauden kontzertu bakarrak udalek, BBKk edo erakunde handiek antolatutakoak dira. Eta horiek gure zirkuitotik oso aldenduta daude. Gure eszena geldituta dagoela ikusten dugu, kontzerturik barik”. Diru laguntzak ez direla eurengana heltzen, eta Iparragirre elikatzen duten taldeak ere geldi daudela diote: “Talde askok ez dute beste batzuetan izango lituzketen aukerak, eta aukera hori eman behar diegu. Underground mundu honetan bizi garenak bata besteari laguntzeko martxan jarri behar gara. Talde asko daude lan asko egin eta diskoa kaleratu dutenak. Horiek duten zulo ekonomikoa handia da. Gainera, ez dira musikatik bizi”.
Udara arteko egitarau zabala prestatzen dabiltza Iparragirrekoak
Horrela, beraz, aro berri bateko lehenengo sei kontzertuak iragarri dituzte. Kontzertu gogoz daude, baina taldeei ere euren lanak aurkezteko aukera eman gura diete. Izan ere, asko dira Iparragirren euren disko berriak aurkeztuko dituztenak: “Askok konfinamendu aurretik kaleratu zituzten lanak, eta oraindik ez dituzte aurkeztu ere egin. Hori da Ikarass taldearen kasua, esaterako”.
Domekan hasi eta abendura bitarteko egitaraua aurkeztu dute. Sarrerak www.iparragirrerockelkartea.com webgunean daude salgai, eta aretoaren edukiera mugatua denez, azkar ibiltzea gomendatu dute. Izan ere, aforoa %25era murriztu dute. Normalean 250 pertsona egoten dira kontzertuko, baina orain 60 sartuko direla zehaztu dute, denak maskaragaz eta jesarrita.
Dagoeneko bukatu dira Ikarass ikusteko sarrerak, eta domekako Lenoir&MICEren kontzerturako ere sarrera oso gutxi geratzen direla aurreratu dute.
“Indartuta”
Kultura gogor jo du COVID-19ak, baina gauzak “ondo” eginez gero, “indartuta” atera ahal direla uste dute Iparragirrekoek. Diotenez, “inoiz baino gehiago” ari dira iristen beste herrietako bizilagunengana: “Sarreren salmentak hasi dira, eta erosi dituztenen %95 kanpoko jendea da”.
Underground eszenako talde eta eragileak batzeko momentua dela diote, eta horri eutsiz gero, “aro ona” etorriko dela uste dute: ”Gure nortasunaren parte da underground eszena bultzatzea, eta horretan jarraituko dugu. 10 ikusleko kontzertua egin behar badugu, egingo dugu”. Hori horrela, udara bitarteko egitaraua prestatzen ari direla aurreratu dute, ahal dela hilabete bakoitzeko bi kontzertu eskainiz.