UEMAk herrietako hizkuntza paisaia euskalduntzen lagundu gura du
Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu arlokoek kartelak eskatu ahal izateko gunea egokitu du, eta euskara erakusleihora ateratzeko aukera paregabea dela nabarmendu du
Hizkuntza paisaia euskalduntzeko bidean, UEMAk, orain, ostalariek, merkatariek eta zerbiztzuetakoek erabiltzeko tresna prestatu du. Hain zuzen, kartelak eta gainerakoak eskatu ahal izateko gunea da osatu duena: uema.eus/kartelak. Hain zuzen, UEMAko kide diren herrietako udalek, ostalariek eta merkatariek erabili ahal izango dute zerbitzu hori.
Hala, orain arte ematen izan dien zerbitzuari gehituta, batzuentzat eta besteentzat egindako kartelak bildu ditu UEMAk, eta horiek errazago eskatzeko eta pertsonalizatzeko gunea prestatu du. Bertan, kartelak hautatzeko aukera izango dute erabiltzaileek, eta eskatzeko modua ere izango dute dendariek eta ostalariek, eskaera-orria beteta.
Urtero egin legez, UEMAK merkatari, ostalariei eta zerbitzu sektoreko eragileei gogorarazi nahi die beraien zerbitzuak herriaren erakusleiho diren heinean, euskara ezinbestekoa dela. Horregatik, hizkuntza paisaia euskalduntzeko laguntza eskaintzen die Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta zerbitzua euskaraz ematearen garrantzia ere gogorarazi du; besteak beste, zerbitzua bezeroaren hizkuntzan eskaintzea kalitatezko zerbitzua delako. Gainera, UEMAko udalerrietan herritarren gehiengoa euskalduna den arren, ulertu eta ikasten ari direnak ere asko direla gogorarazi du. Horrez gain, herritarrek ez ezik, turistek ere eskertzen dute euskara erabiltzea; hizkuntza herriaren izateko eraren parte den heinean, berau erakusteak herria berezi egiten duelako.