Dispertsioaren errealitatea azaleratzen jarraituko du Sarek
Sarek dispertsioaren errealitatea azaleratzen jarraituko du, eta sarekideek Izan Bidea dinamika iraunkorraren plangintzan ere sakonduko dute abendura bitartean.
Ikasturtea hasteagaz batera, Gernika-Lumoko Sarek aurtengo erronkak zehaztu ditu. Orain dela urte batzuk sarekideek prozesu soziala den Ispilue proiektua jarri zuen martxan. Hain zuzen, Gernika-Lumo dispertsioa amaitzearen alde posizionatzeko helburuagaz, eta bide horretan hasiko dute ikasturte berria.
Urteak eta ikasturteak igaro ahala, beharrezko egokitzapenak egin dituzte, eta aurtengoan ere euren aurreikuspenak moldatu behar izan dituzte: “Aurtengo ikasturteari gertaera berezi bat gehitu zaio: hilabeteak daramatzagu pandemia global baten baitan, horrek ekarritako errealitate guztiarekin”. Afera horrek euren ohiko jardunean aldaketak eragin ditu, eta epe laburragoko zerumuga marraztu dute: “Aurtengo ikasturteko plangintza bi zatitan berezi dugu: 2020ko irailetik urtea bukatu bitartean lehena, eta 2021eko urtarrila eta uztaila bitartean bigarrena”.
Lehen zatian, pandemiaren ondorioz areagoturiko espetxe politikaren eskubide urraketak landuko dituzte, bai eta Izan Bidea egitasmoa ere.
Hain zuzen, espetxe politikaren eskubide urraketei buruzko informazio zabalpena, salaketa eta konponbide aldarrikapena egiteaz arduratuko dira: “Urte luzez suetmatikoki ezarritako salbuespen espetxe politika muturragoko egoera probokatu du pandemiak. Eta horrek, halabeharrez, espetxearen kudelkeriari arreta handiagoa jartzera garamatza: komunikazio etenak, isolatze egoerak, eskubide galerak eta osasun arriskuak besteren artean”. Euskal preso eta haien senideen egungo errealitatea “gordina” dela diote, eta erralitate hori azaleratu, salatu eta konponbide klabean lan egingo dute. Halaber, unean uneko gertaerek izan ditzaketen bat-bateko erantzunetan ere ekarpenak egingo dituzte.
Izan Bidea dinamika iraunkorraren plangintzan ere sakonduko dute abendura bitartean. Izan ere, plangintza nazionala da, baina hori Gernika-Lumoko egoerara egokitzeak lanketa berezia eskatzen du, eta horrek dagokion tratamendua merezi duela deritze.
Herri proiektuak. Zehaztutako helburu nagusiez gain, Gernika-Lumoko Sarek aurretik zituen proiektuetan sakontzen jarraituko du. Webgunea (www.saregernika.eus) eguneratu dute, eta bertan Izan Bidea izeneko atal bat sortu dute, egiten dituzten ekimen guztien ispilua izan dadin. Halaber, Sare On Irratsaioagaz segituko dute. Iaz jarri zuten martxan, Astran kokatuta dagoen Biztu Irratian.
Gernikako sarekideak badira beste bi proiektu komunitarioren parte. Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideak dira, eta bere jardunaren bidelagun izaten jarraituko dute. Bestalde, Astrako kideak ere badira, eta dituzten bi egitekoekin segituko dute. Hala, Astrako erabilera segurua, osasuntsua eta eraginkorra mantentzeko protokoloa bermatzeaz arduratuko dira, eta pandemiak Astraren jardunean sortzen dituen oztopoak (autofinantziazioan kokatuak nagusiki) gainditzeko eragile aktiboak ere izango dira.