Gaztelugatxeko bisitari kopurua %80 jaitsi da udan
61.006 pertsonak bisitatu dute uda honetan Gaztelugatxe. COVID-19aren hedapena geldiarazte aldera hartutako neurriak direla jaitsieraren arrazoietako bat zehaztu dute arduradunek.
Uztailean, abuztuan eta irailean nabarmen murriztu da Gaztelugatxeko bisitari kopurua. Aurtengo uda ezohikoan biotopo babestuak 61.006 bisitari izan ditu, eta iaz, aldiz, 322.813 bisita izan zituen. Hau da, %80 jaitsi da Gaztelugatxeko bisitarien joan-etorria.
Batez ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako edukiera mugengatik eta osasun agintariek COVID-19ren hedapena geldiarazteko ezarritako segurtasun-baldintzak bermatzeko arrazoiengatik jaitsi dela bisitari kopurua diote arduradunek, baina baita planeta osoko turismo-fluxuen aldaketa garrantzitsuengatik ere.Â
Abuztuan egon da jende gehien Gaztelugatxen, 22.729 pertsona hurbildu baitira bertara. Uztailean 21.528 bisita izan ziren eta irailean, berriz, 16.749. Egun jendetsuenei erreparatuta, uztailaren 24an bertaratu zen jende gehien, 845 pertsona hain zuzen. Uztailaren 17an 842 gerturatu ziren, abuztuaren 10ean 840. Iraileko egunik jendetsuena, berriz, hilaren 9a izan zen, 837 bisitarigaz. Jende gutxien egon ziren egunak uztailaren 31 (521 bisitari), irailaren 26a (578), irailaren 27a (613) eta abuztuaren 30a (640) izan ziren.
Koronabirusak, gainera, aldaketa handiak eragin ditu bisitarien jatorriari dagokionez. Izan ere, iaz atzerriko turismoa %29,31koa zen, eta %4,4ra jaitsi da aurten. Estatuko turismoa, berriz, %70ekoa zen iaz, eta %95,60koa izan da aurtengo udan.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetatik etorritako bisitariak izan dira gehienak: %22,39 bertaratu dira. Madriletik etorritakoak %21,89 izan dira eta Bartzelonatik gerturatutakoak, berriz, %11,15. Frantzia eta Belgika dira atzerriko turista gehien biltzen dituzten herrialdeak.