COVID-19aren eragina arintzea sarituko du Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketak
COVID-19aren eragina arintzera bideratutako enpresa-ideiarik onena saritzea erabaki dute. Ideiak aurkezteko epea 2020ko azaroaren 20an bukatuko da, 14:00etan.
Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketa martxan dago, eta sari bat gehiago banatuko dute aurten.
Zazpigarren urtez antolatu dute, eta oraingoan, COVID-19aren eragina arintzera bideratutako enpresa-ideiarik onena saritzea erabaki dute Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkartean dauden eskualdeko udalek.
Hau da, osasun, ekonomia eta gizarte krisi egoera honetan susperraldiari berriro ekiteko eta balio erantsiko konponbideak emateko ideia berritzaileak saritzea erabaki dute. Ideiak iraunkorrak izan behar dira, eta hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte-ongizatearen arteko oreka bermatu behar dute. Sari honen bidez, COVID-19aren ondorioei aurre egiten eta pandemiaren eragina arintzen lagun dezaketen ideia berritzaileenak identifikatu gura dituzte, eta ideiarik onena 1.000 eurogaz sarituko dute.
Lehiaketaren sari nagusia 3.000 eurokoa da. Bigarren sailkatuak 2.000 euro jasoko ditu eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro (aurreko sarietako baten bat jaso ez badu). Gainera, lehen eta bigarren sarituek Arratzuko Elkartegian urtebeterako langune bat izango dute. Hala ere, epaimahaiaren aburuz ideiek ez badute gutxieneko maila, sariak eman gabe geratu ahalko dira.
Aurreko urteetan bezala, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, beti ere aurkezten duten enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Gainera, posiblea da enpresa ideia edo 2020an sortutako enpresa bat aurkeztea.
Azaroaren 20ra arte.
Parte hartu gura dutenek azaroaren 20ra arte dute epea euren enpresa ideak aurkezteko. Izen-emate orriak Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetan edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegoan jaso eta entregatu beharko dira. Gainera, Gaztedi Busturialdea webgunean ere deskargatu ahal dira eskaera orriak. Hala ere, orri horiek eta beharrezko dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko dira, aipatu zerbitzu eta egunean, 14:00ak baino lehen.
Sari-banaketa ekitaldia abenduan egitea aurreikusi dute, baina, momentuz ez dute zehaztu Busturialdeko zein udalerritan egingo duten.
Saridunak erabakitzeko, izaera berritzailea edukitzea (balio erantsia edukitzea edota originala izatea) eta proiektuaren garapen eta deskribapen maila giltzarriak izango dira.
Proiektua arrakastaz garatu eta martxan jartzeko lantalde sustatzailearen gaitasuna, enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea ere kontuan izango dituzte epaimahaikideek. Horrez gain, proiektuaren jasangarritasunari (ingurumenari zein ekonomiari dagokienez) eta gizarte-eraginari ere garrantzia emango dietela zehaztu dute.
Lehiaketa.
Busturialdeko VII. Enpresa Ideia lehiaketaren helburuak, besteak beste, eskualdean ekintzailetza kultura hedatu, Busturialdean lana eta aberastasuna sortu, eskualdeko ekonomia sustatu eta enpresa proiektu onenak saritzea dira.
Hain zuzen, eskualdeko gazteak lan mundura sartzea ahalbidetzen duen Lana bilatzea, Lana da programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuan kokatuta dago eta lehiaketaren edizio berri honek beren ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera eskaintzen die Busturialdeko gazteei.