Psikodelia ardatz duen bikotea
Myotones taldea sortu dute Jon de la Fuentek eta Asier Ardanzak. Musika psikodelikoa dute oinarri, eta bost kanta kaleratu dituzte dagoenerako.
Eremu zabala eta muga gutxi. Halakoa da musika psikodelikoa, eta estilo hori lantzen du Myotones bikote gernikarrak.
Konfinamendu aurretik hasi ziren euren proiektu berria prestatzen Jon de la Fuente eta Asier Ardanza, baina etxean konfinatuta zeudela eraiki eta kaleratu zuten lau abestiz osatutako EPa. Backbone musika taldeko kideak ziren biak, eta iaz taldea utzi zutenean hasi ziren batzen. Antzeko musika estiloak egitea gustuko zutela bazekiten, eta “ondo pasatzeko asmoz” elkartzen zirela diote.
Musika psikodelikoa egiten dute, kultura psikodelikoaren eraginpean dagoen musika, hain zuzen. “Gure asmoa psikodelia egitea zen, musika eremu handia ematen digulako. Gauza desberdinak probatu gura genituen, eta horregaitik erabaki genuen estilo hau jorratzea. Gustuko dugu, gainera”, azaldu dute Myotones taldeko kideek. Kaleratu dituzten lau kantak aztertuz gero, esan daiteke pop psikodelikoa dela eurena: “Atera zaiguna izan da”.
Zehaztu dutenez, 60 eta 70eko hamarkadetako psikodelian oinarritu dira, eta The Beatles edota The Doors taldeen doinuak izan dituzte ardatz: “Musika talde horien oinarria hartuta, eremua zabaldu eta jolasten hasi ginen, musika gure eremura eramateko; bateria elektronikoekin jolastu dugu, esaterako. Zerbait berria sortu gura genuen, iraganekoa ahaztu barik, baina aukera berriak kontuan hartuta eta mugarik barik. Bururatzen zitzaizkigun ideiak landu ditugu”.
Inguruetako musika talde eta musikari batzuengandik ere ideiak jaso dituzte. Unai Arostegi Perre aitatu dute, eta berak egiten duen musika “oso interesgarria” dela diote: “Originala da, gitarra jotzen duen momentu horretan eraikitzen baitu abestia”. Euskal Herri mailan, Madelein eta Rufus the Firefly taldeak ere gustuko dituzte. Nazioartean, berriz, MGMT eta Tame Impala taldeen musika entzuten dute: «Kevin Parkerrek ekoizten duen guztia bikaina da”.
Astra Iluntzeetan aurkeztuko dute euren lana, bihar, lehenengoz
De la Fuentek eta Ardanzak, baina, euren estiloa landu dute. Backbonetik Myotones sortzera pasatu dira, metal musikatik psikodelikora, eta ondorengo lau abestiak konposatu dituzte: Dark, Exchange, I am nothing eta Blush. Lehenengoa da «gogorrena», Exchange oso elektronikoa da, eta I am nothing, berriz, Pinkfloyden estilokoa, zaharra. Lasaiena, aldiz, Blush da. Jakinarazi dutenez, EPko I am nothing abestia egiteko, Gorka Lopezen Yo soy nada liburuan oinarritu ziren: “Musika eta letra liburu horretan pentsatzen egin genituen”.
Momentuan “sentitzen zutena” transmititu gura izan dute abestiekin, eta kantuak konfinamendu garaian bukatu zituztela aintzat hartuta, berrogeialdiko desirak eta nahiak ageri direla azaldu dute: ”Gure unean-uneko sentipenen araberako kantuak egin ditugu. Letra asko konfinatuta egonda sortu genituenez, asko dira momentu horretako nahiak, memoriak edota oroipenak: hondartza, eguzkia, autoan joan-etorriak egitea…”.
Uda oso presente zuten, eta EPa, batez ere, “udan entzuteko lana” dela diote, lasai hartu eta eguzkitan entzutekoa. “Iluntzera bitartean hondartzan egon eta gero etxean sentitzen den berotasuna transmititzen du lanak”.
Beste kantu bat kaleratu zuten abuztuan: Nahi genuen dena. Denek ala denek harrera bikaina izan dutela diote De la Fuentek eta Ardanzak: “Iritzi oso onak jaso ditugu. Ez genuen espero. Askorentzat sorpresa izan da, Backbonen metala egitetik Myotonesen guztiz estilo desberdina egitera pasatu garelako”.
Musika kontsumo “arina”
Abestiak sortu ahala kaleratu dituzte: “Gaur egungo musika kontsumoa oso arina dela uste dugu, momentuan momentukoa”. Uste horregaz aurkeztu zituten apirilean guztira 17 minutu irauten duten lau kantak, eta abuztuan single berria: “Momentuan sentitzen duzuna adierazten duzu musikagaz, eta zuzenean kaleratzen dugu, jendeari ere sentitzen dugun hori momentuan ezagutarazteko. Egiten duguna gustuko dugulako egiten dugu, baina jendeari gustatzen bazaio, hobeto”.
Unean unekoa erakusteko, asko ikasi behar izan dute, bakoitza bere etxean konfinatuta zegoela eraiki baitute lana. Gaur egungo teknologiekin jokatu eta asko ikasi dute grabaketa prozesuaz: “Tenisko partida bat zen. Bakoitza bere etxean zegoen, eta batek bere partea grabatzen zuen ordenagailuan, gero besteari bidali eta hark ekarpenak eta aldaketak egiteko”.
Konfinamendu aurretik zituzten ideiak findu zituzten horrela. Digitalean grabatu zuten dena ordenagailuan, eta zerbait “dezentea” lortu zutenean, Bartzelonara bidali zuten: North Waves estudiora, Jon Badiren estudiora. “Bera arduratu zen nahasketa egiteaz eta masterizatzeaz. Hirugarren ikuspuntu hori ondo etorri zaigu, bere ekarpen eta iritziak jaso ditugulako”.
Astra Iluntzeak
Sortutako horiek lehenengoz jendaurrean erakusteko aukera daukate orain. De la Fuente eta Ardanza ohituta daude agertoki gainean egotera, eta bihar, 20:00etan, Astra Iluntzeetan berriro igoko dira oholtzara, gozatzera. “Gogotsu gaude, ez da gure lehen aldia, baina erantzukizun handia daukagu. Jendeak gure musika ezagutzen du berrogeialditik, eta kantak ondo defendatu behar ditugu. Gu entzuteko gogoa daukate, kontzertuetan egoteko gogoa, eta horrek erantzukizuna dakar”. Astra Iluntzeetan jotzea, gainera, aukera “bikaina” dela diote, eta gogoa zeukatela onartu dute: “Koronabirusaren agerraldiak Astra ixtea eragin zuen, eta kontzertua atzeratu egin behar izan genuen. Sekulako gogoagaz gaude”.
Faltan dute agertoki gaineko sentsazioa: “Guri etxean produzitzea gustatzen zaigu, baina kantak zuzenean jotzeko egiten ditugu. Faltan botatzen dugu agertokian egotea”. Jendearen feedback-a jaso gura dute: “Gauza bat da kantei buruz ematen dizuten iritzia zein den jakitea, baina gero kontzertuetan ikus-entzuleen aurpegiak ikustea bestelakoa da”.
Ainhoa Vazquez eta Unai Olaeta eskertu dituzte, “eurak izan direlako Myotones Astran egotearen bultzatzaileak”.