Enplegua babesteko eta ekintzailetza sustatzeko Enplegu Planagaz jarraituko du Lanbide Zentroak 2021ean
2021ean programagaz jarraitzeko, 525.172,07 euroko diru laguntza eskatu dio Gernika-Lumoko Lanbide zentroak Lanbideri.
Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak zentroak Lanbidegaz elkarlanean, enplegua babestu eta enpresa ideia berriak sustatzen dituen Enplegu Plana jarri zuen martxan, iaz. Datorren urtean ere programa abiatu gura du Gernikako zentroak, eta, horretarako, 525.172,07 euroko diru laguntza eskatu dio Lanbideri.
Jon Lejarraga Lanbide Ekimenak zentroko presidenteak zehaztu duenez, diru laguntza horretako 180.000 euro enpresa proiektuak bultzatzera bideratu gura dituzte, eta beste 375.172,07 euroak, berriz, eskualdeko enpresek 22 langabe kontratatzeko baliatu gura dituzte.
Iaz, 294.533,37 euro bideratu zituzten enplegua eta ekintzaitzetza sustatzera. Hain zuzen, eskualdeko hiru proiektu ekintzaile bultzatu zituen programak: Egurre, Presakuntza Ikerketa eta Ibili Ibilian. Zuraren arloa eta gremio horretako enpresen lehiakortasuna sustatzea bilatzen du Egurrek; Prestakuntza Ikerketak, berriz, hainbat baliabide eta premia aztertzea du helburu, eta Ibili Ibilian proiektuak Busturialdeko ibilbideak egokitzea eta hobetzea bilatzen du. Proiektu horiek bultzatzeko bederatzi langile kontratatu zituzten, 112.500 euroko diru sailagaz.
Bestalde, Busturialdeko enpresetan langileen kontratazioa bultzatzeko, 182.033,37 euroko diru saila gaitu zuten, eta horretan pate hartu zuten Busturialdeko 37 enpresek. “Kolektibo ahulenei laguntzeko eta ekintzailetza bultzatzeko kontingentzia armarria izn zen plana, eta 2021ean ere aurrera egingo dugu”, azaldu du Lejarragak.
Birkualifikazio plana. Ildo beretik, Lanbide Ekimenak zentroak 3R izeneko ekimena jarriko du martxan hilabete honetan. Lanpostua galdu duten pertsonak birbideratzea eta birkualifikatzea du helburu, “berriro lana izan dezaten”.
Horretarako, prestakuntza egokia eskainiko die zentroak, eta sei hilabete baino gutxiagotan, krisiaren aurretik lan egiten zuten sektorean zein beste batzuetan jardun ahalko dute. Prestakuntza saioak urritik martxora bitartean egingo dituzte, eta informatika ikastaro bat ere prestatuko dutela jakinarazi dute, 40 ordutakoa.