"Talde barruan garrantzitsua sentitzea da nire helburua"
Evertonen gustura dago Damaris Egurrola. Uste baino errazago egokitu da talde berrira. Bere ibilbidean beste pauso garrantzitsua eman du Premier Leaguera salto eginda.
Everton FCgaz bi denboraldirako sinatu duzu. Zergatik hartu zenuen erabakia?
Bi denboraldirako sinatu nuen, klubak hasieratik niganako apustua egin zuelako eta konfiantza hori bueltatzeko. Kanpora joanda, urtebetean gauza askorik ezin da egin; egokitzeko eta benetan gozatzeko denbora gehiago behar da. Jende askok dakien modura, Espainian arazo handiak egon ziren FIFA konpensazioa dela eta. Nire etorkizuna erabakitzeko hilabete gogorrak izan ziren. Eta azkenean kanpora alde egin behar izan nuen, klausula horiek kanpoan ez direlako ordaindu behar. Hasieratik niganako interesa egon zen Evertonen. Nigan jarri zuen konfiantza jende gutxik jarri zuen, eta horregatik aukeratu nuen.
Aldaketa hau behar zenuen, beraz?
Beti eduki dut pentsatuta noizbait kanpora joatea. Amets hori beti eduki dut, bai futboletik bizi ahal izatea eta baita Espainiatik kanpo jokatzekoa ere. Aukera egon zenean, argi eduki nuen aurrerapauso bat izango zela, eta bai pertsona modura eta baita futbolari moduan asko ikasiko nuela.
Etapa berri bat hasi duzu. Zelan egokitu zara taldera?
Espero nuena baino askoz errazago. Hilabete asko izan dira futbol barik, eta hona etortzerakoan ere berrogeialdia egin behar izan nuen. Baina hasieratik taldekideek ondo hartu eta denetan lagundu naute. Hasieratik konfiantza erakutsi didate. Horrek askatasuna ematen dit nire jokoa egiteko eta gozatzeko.
Zelan gogoratzen duzu debuteko eguna?
Chelsearen kontrako Kopako partiduan debutatu nuen. Atsedenaldian sartu nintzen. Uste dut inoiz ez zaidala pasatu hainbeste konfiantzagaz partidu bat jokatzea. Horrek ondo adierazten du zelako harrera egin didaten hemen. Partidu oso gaitza izan zen, eta sartu nintzenean, lasaitasun guztiagaz jokatu nuen. Ia bi hilabete daramatzat hemen, eta espero nuena baino arinago hasi naiz jokatzen. Lau partidu daramatzat jokatzen, eta dena nahikoa ondo doa.
Lehenengotik gustura ari zara, eta hori ez da izaten erraza.
Herrialde berri batera eta liga berri batera zoazenean, beti dituzu beldurrak: zelakoa izango den taldea, zelan jokatuko dugun, ligan zelako aurkariak edukiko ditugun… Uste dut munduko ligarik onena dela, eta horrek hona etortzeko motibatu egiten ninduen. Munduko jokalari onenak hemen daude, eta euren kontra lehiatzea ona da niretzat. Aukera moduan hartu nuen, eta oso gustura nago.
Zer espero duzu aro honetan, zeintzuk dira zure helburuak?
Talde barruan garrantzitsua sentitzea da nire helburua. Hasieratik erakutsi didate nigan konfiantza handia daukatela. Konfiantza hori handitzea ere bada helburua, eta ligan garrantzitsua izatea. Jokalari onenen kontra jokatzeko eta esperientzia edukitzeko aukera daukat. Talde ona daukagu, eta uste dut urte honetan gauza handiak egin ditzakegula. Taldean lortzen ditugun arrakasta guztiak arlo pertsonalean ere horrela izatea gura dut.
Zelan definituko zenuke Everton? Denboraldi honetarako ze helburu dituzue?
Heldu nintzenean dagoen mailagaz harrituta geratu nintzen, eta zelako entrenamendu desberdinak egiten diren. Entrenamendu bakoitzean denek topatzen dute postu bat hamaikakoan, eta egunero talde batean lehiakortasun hori topatzea oso gaitza da. Hirugarren postuagatik borrokatzeko aukera daukagu, eta uste dut hor egongo garela Champiosean sartzeko. Urte honetan fitxaketa asko egon dira taldean, eta horrela aurrerapauso bat eman duela uste dut.
Eta hirugarren postu hori lortzeko zeintzuk izango dira Evertonen aurkari zuzenak?
Arsenal eta Manchester United. Chelsea eta Manchester City pausotxo bat gorago daude. Baina ikusi da guk Chelsea zelan kanporatu dugun kopan. Liga hau oso lehiakorra da, eta edozein partidutan ezustekoak egoten dira, eta emaitza oso estuak. Inoiz ez da jakiten.
“Talde ona daukagu. Uste dut urte honetan gauza handiak egin ditzakegula”
Salto handia izan da Espainiako Ligatik Premier Leaguera joatea? Alde handia al dago? Beste mundu bat topatu duzu hor?
Bai, bai, oso desberdinak dira. Partidu bakoitza zelan prestatzen dugun oso desberdina da. Entrenamendu bat bakarrik eginda joan nintzen lehenengo partidura, eta final bat prestatzen ari ginen sentsazioa eduki nuen, eta ligako partidu bat zen. Sentsazio hori aurretik ez nuen inoiz bizi izan. Bai finalak jokatzerakoan, baina ez jarraitua den liga batean partiduak horrela prestatzea. Partiduak oso parekatuta egoten dira. Domekan ere amaierara arte oso parekatua egon zen, eta, azkenean, irabazi egin genuen. Edozein aurkari oso lehiakorra da, intentsoa, eta hori orain arte ez dut bizi izan. Uste dut Espainiako Ligan desberdintasun nahikoa dagoela goiko eta beheko taldeen artean. Hemen, lehiatzerakoan, edozein talderen kontra edozer gertatu daiteke.
Zelan hasi duzue denboraldia?
Orain arte partidu denak irabazi ditugu, eta horrek berdin jarraitzera bultzatzen gaitu. Everton klubean historia egin dugu. Inoiz ez da gertatu hasieratik ligako lau partidu jarraian irabaztea. Alde horretatik sentsazio oso onekin gaude. Gauzak ondo egiten gabiltza. Gainera, gauza asko ditugu hobetzeko, eta hori da onena. Kopan gauza handia lortu genuen Chelsea kanporatuta gure estadio handian. Egun oso berezia izan zen, hor debutatu nuelako ere bai. Chelsea moduko handi bat kanporatzea egin genuen eran oso berezia izan zen. Eta gero, Birmingham-en kontrako finalaurrekoa ere irabazi genuen.
FA Cupen finala daukazue Manchester Cityren kontra, azaroaren 1ean. Zelako partidua aurreikusten duzu?
Ezustekoa emanda, finalean sartu gara, eta uste dut horrek ere gure maila erakusten duela. Gauza asko ditugu emateko, eta finalean ere hor egongo gara. Askok esaten dute pauso bat aurrerago dagoela, baina guk taldean ez dugu hori pentsatzen. Final batean edozer pasatu daiteke. Eta argi ikusi zen Chelsearen kontrako partiduan; gu askoz hobeak izan ginen, eta kanporatu genuen. Final batean aukera gehiago daude ezustekoa emateko. Ez daukagu ezer galtzeko, eta gozatzera goaz, esperientzia hori bizitzera eta Wenbleyn jokatzera. Eta, noski, irabazi egin nahi dugu.
Willie Kirk entrenatzaileak esan zuen fitxaketa handia zarela. Anbizio handiko jokalaria zarela eta erdi jokoa orekatzeko talentu handia daukazula azpimarratu zuen. Zugan konfiantza daukala ikusten duzu?
Williek nigan eduki zuen konfiantza garrantzitsua izan zen. Nire etorkizuna erabakitzeko momentu zailak izan ziren; hilabete asko izan ziren, eta oso gogorrak. Evertonen aukera agertu zenean, berak argi utzi zidan zelako anbizioak dituen klub honek, eta nigatik egingo zuen dena. Horrek guzti horrek argi utzi zidan hona etorri behar nuela, eta zelako talde handia den. Arlo pertsonalean bere anbizioak nik ditudanekin oso bateratuta daude. Heldu nintzen lehen egunetik ikusi nuen bai berak eta bai talde tekniko guztiak nigatik espero duten dena. Eskertzekoak dira egin zidaten harrera eta erakutsi zidaten konfiantza. Uste dut oraindik erakusteko asko daukadala.
“Munduko ligarik onena da. Munduko jokalari onenak hemen daude”
Horko zaleen aurrean daukazun onena erakusteko gogoz zaude, ezta?
Kopako finalerako zale gutxi batzuk sartu ahal izatea espero nuen, gutxienez familiakoak, baina ez dakit aukerarik egongo den. Nahiz eta zalerik ez egon, domekan, esaterako, hurbildu ziren apurrek bengalak piztu zituzten, eta horrek ere harritu egin ninduen. Zaleak ere hor daude, nahiz eta hain momentu gaitzetan egon. Hemengo zaleei buruz berba egin didate denek. Liverpool hiri barruan Everton klub modura zer den jende askok azaldu dit, eta alde sozialetik ere zenbat gauza egiten dituen laguntzeko. Uste dut hori ere garrantzitsua dela. Zaleek ere zorterik onena opa didatela erakutsi didate. Mezu asko izan dira, eta hori ere eskertzen da.
Etxetik kanpo, zelan bizi duzu pandemia?
Hemen COVIDaren kontua gero eta txarrago doala uste dut, eta zentzu horretatik aurkezpena egitea ere ezinezkoa izan zen. Osasuna da lehenengoa, eta guk nahi duguna egiten dugu, futbolean jokatzeko aukera daukagu eta pribilegiatu batzuk gara. Beste batzuek ez dute aukera hori. Mundu osoan pasatzen ari den hau gauza arraroa da. Kontziente izan behar gara futbola bigarren plano batera pasatzen dela eta osasuna dela garrantzitsuena. Gure liga eta klub denak lan asko egiten ari dira egoera hobetzeko. Partidu guztiak telebistaz ematen dituzte doan, eta nire lagun eta familiakoek partidu guztiak ikusi ditzakete. Hori ere eskertzeko da. Gauero emakumezkoen futbolari buruzko bi orduko saio bat ematen dute telebista kate nagusian, eta horrek ere harritu egin ninduen. Gauza horiek ere munduko ligarik onena izatea egiten dutela uste dut.
Emakumezkoen futbola aitortuago dago hor? Egoera hemengoa baino hobeaz da?
Hemen partidu denak daude irekian; aplikazio bat deskargatu eta partidu denak ikusi ditzakezu. Telebistan hiru kate nagusietan dituzu egunero saioak, elkarrizketekin, laburpenekin, golekin… Halako gauzek egiten dute desberdintasuna. Uste dut emakumeen kirolean aurrerapauso handiak ematen ari direla. Hemen asko igarri dut zelako garrantzitsua den bai futbola eta baita beste kirol batzuk ere. Telebista gehienetan agertzen gara. Hori oso garrantzitsua da.
Hain zuzen, Espainiako Ligako taldeetako jokalariek historikoa izan zen berdintasun greba deiturikoa egin zenuten aurreko denboraldian, zuen lan baldintzen alde, eta hitzarmena lortu zenuten. Espainiagaz alderatuta, Ingalaterran zelako lan baldintzak dituzue?
Lortutako hitzarmena oinarria baino ez dela uste dut. Zerbait sinatu genuen, baina mila gauza daude hobetzeko. Oinarrizko zerbait izan zela uste dut; oinarri moduan edukitzeko zerbait. Hemengo baldintzak askoz hobeak dira; konparaziorik ere ez. Espainiagaz alderatuta, hemen pare bat urte aurreratuago doaz, zentzu guztietan. Apurka-apurka lortzen dira gauzak. Nesken futbola Espainian ere gorantza doa, baina nire ustez gauza batzuk lar arinegi doaz, eta beste gauza batzuetan atzera botatzen dira. Berdintasuna lortu behar da zentzu guztietan.
Athleticegaz eta Espainiako selekzioagaz garaipen handiak lortu dituzu. Zein da zuretzat garaipen bereziena edo kuttunena?
Gaitza da esatea, gauza asko esango nituzke. 19 urtez azpikoetan irabazitako Europako Txapelketa oso berezia izan zen. Talde barruan garrantzitsu sentitzeko aukera eduki nuen. Esperientzia asko gozatu nuen. Gainera, finalean gola sartu nuen, eta azken minutuan partidua iraulita, torneoa irabazi genuen. Esperientzia horiek betirako geratzen dira. Eta berezia da taldekideekin zelako harremana mantentzen dugun . 20 urtez azpikoetan lehiatutako Munduko Txapelketa ere berezia da. Ez genuen irabazi, baina itzelezko esperientzia izan zen. Finalera heldu eta galdu egin genuen, baina esperientziagaz eta jendeagaz geratzen naiz. Futbolean hori ere garrantzitsua da; betirako egongo den jendea ezagutzeko aukera daukagula.