Jokin Ansotegi gernikarrak Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko du
Arrigorriagako Lonbo aretoan erabakiko da Bizkaiko Bat-Bateko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren irabazlea, zapatuan.
Jokin Ansotegi gernikarrak Bizkaiko Bat-Bateko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalerako txartela lortu du. Finala zapatuan [urriak 17] jokatuko dute, 11:30ean, Arrigorriagako Lonbo aretoan.
Berez udaberrian jokatzekoa zen txapelketa, baina pandemia tarteko, azkenean urriaren 5ean hasi zen. Eta horretan parte hartu dute 18 urtera arteko 28 bertsolarik. Guztira hiru kanporaketa saio jokatu dira: Gernika-Lumoko Astran (urriak 3), Durangoko Kurutziaga ikastolan (urriak 7) eta Bilboko Euskararen Etxean (urriak 9). Horietan lortutako puntuak kontuan hartuta, zortzi bertsolari sailkatu dira finalerako.
Ansotegik Gernika-Lumoko kanporaketan parte hartu zuen. Harekin batera ondoko bertsolariak ariko dira: Sara Asenjo, Irune Basagoiti, Maider Altuna, Izaro Bilbao, Leire Vargas, Amaiur Atxa eta June Diaz.
Finalak bi fase edukiko ditu. Lehenengo fasean, ofiziotan bina bertso kantatu beharko dituzte bertsolariek zortziko handian, eta beste bina zortziko txikian. Fase horregaz amaitzeko, gaia emanda bakarka bertso bana egin beharko dute, gehienez ere hamarreko handian.
Euskal Herrikoa. Lehenengo fasean puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak bigarren fasera sailkatuko dira. Buruz buruko horretan, hain zuzen, kartzelako lana egin beharko dute: puntuari erantzuna eta bakarka, gaia emanda, bertso bana, gehienez ere hamarreko handian.
Hain zuzen, buruz burukora sailkatzen diren bi bertsolariek Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako txartela lortuko dute. Hori azaroaren 14an jokatuko da, Abadiñon.
Bizkaiko Bertsozale Elkartekoek jakinarazi dutenez, finalerako gonbidapenak Internetez (www.bertsosarrerak.eus) eskuratu ahal dira; aforoa mugatuta egon da.