Zaintzan sakontzeko jardunaldiak martxan daude
Ume eta nerabeen zaintza emozionala jorratuz hasi zituzten atzo jardunaldiak. Bihar da hurrengo saioa, eta nagusien egoitzetako eta etxez etxeko langileen egoera eta baldintzak hobetzeko tresnak aztertuko dituzte.
Zaintza eremuko krisia areagotu egin da pandemia garaian, eta horri buruz hausnartzeko jardunaldiak antolatu ditu Gernika-Lumoko Sare Feministak. Ume eta nerabeen zaintza emozionala jorratuz hasi zituzten atzo jardunaldiak.
Umeen ahotsari presentzia eman gura zioten Sare Feministako kideek, eta Nahia Idoiaga psikologoagaz eta Isabel Canales Osakidetzako Lehen Arretako Pediatragaz lortu zuten hori. Pediatra baten begiradatik umeen zalantza eta sentipenak zeintzuk ziren adierazi zuen Canalesek. Idoiagak, berriz, konfinamenduan burututako ikerketa izan zuen ardatz. Umeen emozioak biltzeko saiakera egin zuen, eta ikerketaren ondorioak jakinarazi zituen bertaratu zirenen aurrean.
Hurrengo saioak bihar, urriaren 20an eta 22an izango dira Elai Alai aretoan, 18:00etatik 19:30era bitartean. Leku mugatuak egongo dira aforoa bete arte, baina saioak Gernika-Lumoko Sare Feministaren instagramean ikusi ahalko dira gero. Jakinarazi dutenez, saioetan itzultzaile ere egongo da eskatzen duenarentzat.
Biharko saioan, nagusien egoitzetako eta etxez etxeko langileen egoera eta baldintzak hobetzeko tresnak aztertuko dituzte Hurrengo astean, berriz, osasun sistema publikoaren egoera eta zaintza ereduen proposamen desberdinak landuko dituzte. “Badakigu ez daudela gai denak, baina uste dugu azken hilabeteetan krisiak bereziki eragina izan duela proposatu ditugun arlo hauetan”, azaldu dute.