Terrazen ordenantza malgutzeko eskatu diote ostalariek udalari
Gernika-Lumoko 60 ostalarik baino gehiagok egin dute eskaera. Eskaerarekin batera proiektu bat aurkeztu dute ostalariek, eta, bertan, guneka eta kaleka zehazten da instalatu nahi diren egitura motak.
Sektorearen “biziraupena bermatzeko”, eskaera bateratua egin diote ostalariek Gernika-Lumoko Udalari. “Gernika-Lumoko ostalaritzak pisu handia du udalerriko ekonomian eta bizitzan, eta COVID-19aren pandemiak gehien erasandako sektoreetako bat da”, azaldu dute eskaera aurkeztu duten 60 ostalarik baino gehiagok.
Diotenez, asko ari dira sufritzen ostalaritzaz bizi diren familiak. Lokalak nahitaez ixteko neurriek, barran zein terrazetan murriztutako edukiera izateak eta bezeroek kutsatzeko duten beldurrak asko mugatu die: “Izurriteak bere horretan dirauenez, eta neurri murriztaile berriei beldur zaienez, sektorearentzat berebiziko garrantzia du terrazak edukitzeak; izan ere, ekipamendu hori gabe negozio asko behin betiko itxi daitezke”.
Udako hilabeteetan terrazak oso lagungarriak izan dira sektorearen zati batentzat, baina hotzak eta euriak espazio horien erakargarritasunaren zati handi bat galtzea eragin du, eta, beraz, baita bezeroena ere. Sektorean lan egiten dutenak prest daude neguan terrazak erabiltzen jarraitzeko, eta, horretarako, “harrigarriagoak eta erakargarriagoak” izateko behar diren ekipamenduetan inbertituko dutela jakinarazi dute, baina beharrezkoa zaie udalerriko terrazen ordenantza malgutzea.
Horregatik, espaloi estuetan dauden eta gaur egun terraza instalatu ezin duten lokalek galtzadaren zati bat okupatu ahal izateko eskaera egin diote udalari: “Horietarako, zehazki, aparkatzeko eta zamalanetarako espazioak behar dira”. Neurri hori barne-espazio oso txikia duten lokalentzat “bereziki onuragarria” izan daitekeela uste dute, eta batzuentzat “bizirik irauteko bide bakarra” dela diote.
Alboko panelak instalatzeko aukera onestea ere eskatu diote ostalariek udalari, “terrazak mugatzeko eta haizeteak saihesteko”. Euren berbetan, helburu bikoitza lortuko litzateke: erabiltzaileei erosotasun gehiago ematea eta baimendutakoa baino leku gehiago okupatzea saihestea.
Aldaketa horientzako ekipamendu berria behar da, eta horien instalazioa eta egitura finko desmuntagarriak baimendu behar ditu udalak.
Instalazio berria. Ostalariek “argi dute” terrazak erabiltzen jarraitu ahal izateko orain arte erabili ez diren ekipamenduez hornitu behar direla, “klimatologia egokia ez den hilabeteetan”. Hala nola, haizeteak, berogailuak eta bezeroei erosotasuna bermatzeko beharrezkoak diren beste instalazio batzuetan inbertitzea erabaki dute.
Ekintza bateratua denez, erabiliko diren ekipamendu guztiak “antzekoak” izango direla jakinarazi dute, eta horiek irudi unifome bat eskainiko diotela udalerrian uste dute, “lokal bakoitzak material edo diseinu desberdinak erabiltzen dituen kaos-eszenak saihestuz”.
Eskaerarekin batera proiektu bat aurkeztu dute ostalariek, eta, bertan, guneka eta kaleka zehazten da instalatu nahi diren egitura motak, ezaugarri teknikoekin eta lokal bakoitzerako hartuko duten espazioarekin.
Gainera, ordenantza aldaketa egiteak erabiltzaileentzat ere onurak ekarriko dituela diote: “Aldaketak terrazak gehiago ixteko aukera ematen duenez, erabiltzaileentzat erosoagoa izateaz gain, bizilagunentzat ere erosoagoa izango da, zarata-maila nabarmen murriztuko baita”.