Memoria eginez, zer ospatu ez dagoela aldarrikatu dute
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak gaurkoa salaketa egiteko eguna dela adierazi du gaur, Merkatu plaza ondoan egindako ekitaldian.
Urriaren 12 honetan ezer ez dagoela ospatzeko adierazi du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak: “Gaurkoa salaketa egiteko eguna da, arpilatze sistematiko baten bataioa salatzeko eguna, hain zuzen”.
Plataformak emantzipazio prozesuak abian jartzeko garaia dela dio, “identitateen hiltzaileengandik askatzekoa”, memorian arakatzekoa. Hala, Gernika-Lumo memoria duen herria dela azpimarratu gura izan du plataformak eta urriaren 12a zein egun den azaldu dute: “Espainiar nortasunaren adierazpenerako egun nagusia da, Espainiak azken koloniak galdu zitueneko krisi nazional sakonarekin lotura duena, eta harrotasun nazional espainiarra berpizteko ahaleginetako bat izan zena”. XX. mendearen hasieratik ospatzen den eguna dela azaldu dute, kolonizatzaileen ekintzak gogoratzeko: “1492ko Aurkikuntza oroitu eta Espainia Ama Aberriaren protagonismoa omentzen duen jaia. Lehenik Arrazaren Eguna deitu zioten, gero Hispanitatearen eguna izan zen eta gaur egun Espainiarren egun nazionala da”.
1987an izendatu zuten horrela, eta plataformak hori salatu du: “Ebanjelizazioa, harrapaketa, heriotza, suntsipena eta mendekotasuna eragin zuten kolonizatzaileek. Herri indigenak erail zituzten, beren kultura eta tradizioak desagerraraziz. Gauzak horrela, nola da posible Europako herrialde batek Amerikan egindako genozidioa eta harpilaketa ospatzea?”.
Haien iritziz, euskaldunak “barneratuta” dituzten herrialdeen jai nazionalak nekez izango dira euskaldunak biltzeko egunak. Hori esanda, Plataforma osatzen duten elkarteek gogora ekarri dute 1939ko urriaren 12an Gerni-kak Adopzio Legea onartu zuela, zeinaren arabera, Franco generalak bere babespean hartu zuen hiribildua. “Irainak jarraipena izango zuen, 1946ko otsailaren 13an diktadorea Gernikako seme kutun izendatua izan zelako, eta 1966ko martxoaren 23an hiriaren domina eman ziotelako”.
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak ez du onartzen “dekretuzko adopziorik”: “Gernika bonbardatu zuen, ankerkeri ero batez, gero eskulan esklabuarekin berreraikitzeko. Ez dugu onartuko Fracoren dekretuzko adopziorik, eta irain horri aurre egingo diogu”. Hala, herriak “memoria duelako” gaur ez dutela ezer ospatuko ozen esan dute.
Historia errepikatzeko arriskua. Munduan gero eta Gernika gehiago daudela adierazi dute gaurko agerraldian, eta Europak itsaso mediterraneoa “hilobi erraldoi” bihurtu duela salatu dute: “Mendeetan zehar migratuen sehaska eta inperio kolonialen sorburua izan den Europa honek bere mugak lotsagabe itxi dituenean, Mediterraneoa hilobi erraldoia bihurtu du: 20.000 hildakotik gora daude 2013az geroztik”.
Halaber, Europar Batasunak Ekialde Hurbilean, Afrikan zein Hego Ameriketan egiten dituen “multinazionalen interesen aldeko politikak” salatu dituzte: “Berezkotzak dituen elkartassuna, babesa, demokrazia eta askatasunaren balioen defentsari uko egiten dio faltsukeria ziniko batekin. Izan ere, palestinarrak, kurduak, siriarrak… bazterrean uzten ditu. Memoriaz, askatassunez, egiaz eta justiziaz mintzo dira agintariak, pertsonen eta herrien eskubideak urratzen dituzten aldi berean”.
Hori horrela, gaur egun Gernikan bizi diren errefuxiatuekiko elkartasuna izateko konpromisoa hartu dute, “Gernika bere sorterritik ihes egitera behartuak izan direntzako babesleku izateko”.