Ivan Muñozek eta Ibai Ajuriagoikoak irabazi dute Gernika-Lumoko Rallya
Aitor Saizar eta Gorka Aginaga sailkatu ziren bigarren, eta Ioritz Odiagak eta Jexux Etxeberriak osatu zuten podiuma. Etxeko rallyan irabazteagaz "pozik" dago Muñoz.
Eguraldiak baldintzatuta lehiatu zuten atzo 27. Gernika-Lumoko Rallya. 90 kotxek parte hartu zuten, eta denetan onenak izan ziren Ivan Muñoz eta Ibai Ajuriagoikoa. Rallyan gailentzeaz gain, eskualdeko kotxe azkarrenaren saria ere jaso zuten gernikarrek.
Atzoko lasterketari dagokionez, Aitor Saizar eta Gorka Aginaga sailkatu ziren bigarren, eta Ioritz Odiagak eta Jexux Etxeberriak osatu zuten podiuma. Euskadiko Rally Txapelketa, berriz, Saizar eta Aginagarentzako izan da.
Etxeko rallyan irabazteagaz “pozik” dago Muñoz: “Beti da berezia herrian irabaztea, eta atzo egindako lanagaz pozik nago. Euskadiko Txapelketako hiru lasterketetatik bi irabazi ditut eta batean erretiratu egin behar izan naiz”. Atzokoa, hala ere, egun “oso konplikatua” izan zela onartu du pilotu gernikarrak, eta eguraldiaren ondorioz tarteak “nahiko txarto” egon zirela adierazi du.
Baina azkar ibili zen Muñoz. Goizean lehorrago zegoen ibilbidea eta bazekien erabakigarria izan zitekeela goizean errenta hartzea, gero, lehenengo postu hori defendatzeko: “Hasierako tarteak oraindik ez zeuden oso bustita, eta lehorrago egon ziren horietan ni izan nintzen bizkorrena. Denbora asko atera nien aurkariei eta gero abantaila horregaz jokatu nuen”. Lehenengo tartean bigarrena izan zen, baina lehenengo postuan zegoena atera egin zen bigarrenean, eta ordutik liderra izan zen Muñoz, abantaila handiagaz: “Lasai joan nintzen, kotxea asko behartu barik, eta aurkariei hurbiltzen utzi barik”.
Ez zen, baina, lasterketa erraza izan Muñoz eta Ajuriagoikoarentzat. Kotxean arazoak izan zituzten. Azaldu dutenez, frenuek eta motorrak ez zien behar bezala funtzionatzen: “Potentzia falta nabaritzen genuen auto barruan”.
Rallya ere gorabeheratxua izan zen. Egun bakarrean lehiatu zen, atzo, eta iazkoagaz alderatuta, ibilbidea “era bat” desberdina izan zen. Hiru etapa zehaztu zituzten, eta horietatik hiru aldiz igaro behar ziren parte hartzaileak. Lehen tartea Muxikan hasi zuten, gero Montecalvo igotzeko. Bigarrenen etapari Munitibarren ekingo zioten, eta handik Ibartxuko kurtzera joango ziren, Marmizko bidetik jarraituta Ajangiz jaisteko. Hirugarrenean, berriz, Lumo igo behar izan zuten, Metxikatik Errigoitirantz joateko eta berriro udalerrira jaisteko. Baina, Lumoko tartean istripua egon zen, eta ondorioz, tartea neutralizatu behar izan zuten: “Lehenengo zortzi autoek bakarrik lehiatu genuen tarte hori”.
Koronabirusa dela-eta, ez zen ohiko giroa egon udalerrian. Autoen asistentzia Txaportan egin zuten, eta ezin izan ziren autoak gertutik ikusi. Pasealekuan urtero egin ohi duten sari banaketa ere ez zen egin, osasun neurriak tarteko.