Diskoak argitaratzeko diru laguntzak eskainiko ditu Kultur Etxeak, hirugarrenez
Gernika-Lumoko musika taldeei zuzendutako diru laguntzak eskeiniko ditu Kultur Etxeak. Udalerriko sormena bultzatu gura dute ekimenagaz, eta laguntzak eskatzeko azken eguna urriaren 30a dela jakinarazi dute.
Musika ekoizpena bultzatzeko Gernika-Lumoko taldeei bideratutako 3.000 euroko diru laguntzak eskainiko ditu Kultur Etxeak hirugarren urtez jarraian; iaz sei proposamen aurkeztu zituzten.
Udalerrian musikari eta musika talde asko dago: abesbatzak, trikitilariak, txistulariak, bandak zein bakarkako abeslari eta musikariak esaterako. Hain zuzen, esparru horretako musikarientzako da Kultur Etxeak eskainitako diru laguntza, “musikari profesional zein hasi berrientzako”. Izan ere, diskoak grabatzea izaten da askotan taldeen helburu nagusia, eta diskoak argitaratzeko orduan zailtasun tekniko eta ekonomiak edukitzen dituzte.
Hori horrela, diskoak CDan edo binilo formatuan argitaratzeko laguntzen deialdia egin du, eta eskaerak egiteko azken eguna urriaren 30a dela zehaztu dute. Oinarriak hurrengo helbide elektronikora idatzita eskura daitezke: www.gernika-lumo.net.
Ekimenaren helburua Gernika-Lumoko taldeen zabalkundea, sorkuntza eta kultura bultzatzea da, baita tokiko taldeen errepertoria sustatzen laguntzea ere. Jokin Garatea kultura zinegotziaren berbetan, ez da inoiz bistatik galdu behar kulturaren balioa, ez bakarrik industria gisa: “Gure gizartearen funtsezko zutabe gisa zaindu eta babestu behar da tokiko kultura”.
Ezinbestekoak. Ekimenaren asmoa udalerriko musika sustatzea denez, eskaerak egiten dituzten taldeko kideen %50 Gernika-Lumon erroldatua egon beharko dira, edota bertoko musika guneetako batekin harremana izan beharko dute: Iparragirre Rock Elkartea, Trinkete edota udalerriko musika eskolak dira gune horietako batzuk.
Gainera, aurten diskoak argitaratu dituzten edota argitaratzera doazen taldeei emango zaiela laguntza adierazi dute. Eskaerak aurkeztu eta arauak betetzen dituzten guztien artean banatuko da finkatutako kopurua.