Domekan lehiatuko dute "aldaketa askogaz" datorren Gernika-Lumoko Rallya
Egun bakarrean lehiatuko dute aurten, parte hartze "handiagaz": 90 auto aterako dira errepidera. Gernikakoa Euskadiko Rally Txapelketarako, Bizkaiko Txapelketarako eta Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria izango da.
27. Gernika-Lumoko Rallya lehiatuko dute beste urte batez. Aurten, inoizko parte hartze handienagaz gainera; guztira, 90 autok parte hartuko dute. Auto hotsa entzungo da Gernika-Lumoko inguruetan, eta aurrekoetan legez, Busturialdeko ordezkaritza zabala egongo da.
Parte hartzaileentzako eskainitako plaza guztiak bete dira. Hori espero zuten Gernikako Rallyko arduradunek: «Egia esan, espero genuen horrenbeste kotxe etortzea. Aurten ez dira karrera asko antolatu, eta jendeak lehiatzeko gogo asko dauka». Orain arteko rally gehienak Euskal Herrian antolatu dira. Katalunian, esaterako, ez dute bat ere antolatu, eta udalerriko rallyra bost auto datoz handik.
Koronabirusak eraginda, aldaketa “asko” daude rallyan. Egun bakarrean lehiatuko da, domekan, eta iazkoagaz alderatuta, ibilbidea “era bat” moldatu dute: “Iazko moduan, hiru tarte izango ditu rallyak, baina ibilbidea oso desberdina izango da. Leku guztiz desberdinak zeharkatuko ditu”.
Hiru etapa zehaztu dituzte, eta horietatik hiru aldiz igaro beharko dira parte hartzaileak.
Lehen tartea Muxikan hasiko dute, eta Montecalvo igo beharko dute. «Ibarruri parean hasiko dira, eta handik Montecalvo igoko dute Urrutxuko kurtzera arte». 12:30etan Gernika-Lumotik aterako da lehenengo autoa, eta 13:07etan igaroko da lehenengoz Montecalvotik; 15:40ean eta 18:13an igaroko dira beste bi txandetan.
Bigarrenen etapari Munitibarren ekingo diote. Handik Ibartxuko kurtzera joango dira, eta Marmizko bidetik jarraituta Ajangiz jaitsiko dute bertan bukatzeko. 13:35ean aterako dira handik, eta 16:08ean eta 18:41ean igaroko dira berriro.
Gernikakoa izango da azken etapa. Antolatzaileek zehaztu dutenez, iazkoaren antzekoa izango da, baina zenbait aldaketekin. “Gernikan aterako dira, Lumo igoko dute eta handik Metxikarantz joango dira. Metxikan Forurantz hartu zuten iazkoan, baina aurten Errigoitirantz joango dira eta errepide generaletik jaitsiko dira Gernika-Lumora heltzeko”, azaldu dute antolatzaileek. 14:03etan aterako dira lehenengoz, eta bigarrenez 16:36an pasatuko dira. Azkenengoz, berriz, 19:09an.
Eskualdeko auto askok lehiatuko dute proba. Horien artean daude, talde osoa eskualdekoa duten Ivan Muñoz eta Ibai Ajuriagoikoa, Mikel Bilbao eta Kepa Lopez de Abetxu, Egoitz de Luis eta Gonzalo San Jose, Inhar Arrien eta Eneko Fuentes, Anartz Arrieta eta Iñigo Ugalde, eta Aratz Zarakondegi eta Aitor Kortazar. Halaber, Txus Jaio eta Ibon Ibarguengoitia pilotuek ere lehiatuko dute proba, eta bertan egongo dira, baita ere, Ion Ugaldebere, Ander Bikandi eta Arkaitz Kobeaga kopilotuak.
Faboritoak, asko.
Iaz, hirugarren urtez jarraian, Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak irabazi zuten Gernika-Lumoko Rallya, eta aurten ere egongo dira Busturialdeko errepideetan zehar lehiatzen. Faboritoen artean daude, baita ere, Ivan Muñoz, Aitor Saizar, Joseba Iraola, Xabier Lujua, edota Alberto Riols eta Eusebi Agustina kataluniarrak.
Gernikakoa Euskadiko Rally Txapelketarako, Bizkaiko Txapelketarako eta Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria izango da: “Ez dira lasterketa asko antolatzen ari, eta Gipuzkoako Txapelketarako ere puntuagarria izatea erabaki da”.
Pilotu eta kopilotuetako batzuk lastertasun proban hartuko dute parte, eta beste batzuk, berriz, erregulartasunaren kategorian ariko dira. Hori horrela, azkarrenari eta erregularrenari emango diote saria arduradunek, baita eskualdeko auto bizkorrenari ere.
Iaz egin legez, aurten ere Julen Bilbao saria emango dute: “Bere oroimenez, bigarren tarteari bere izena jarri diogu eta bertatik igarotzen diren eskualdeko lehenengo hirurak sarituko ditugu”.
Koronabirusa.
“Ia dena” aldatu behar izan dute antolatzaileek koronabirusaren ondorioz. Autoen asistentzia lekualdatu dute Txaportara, eta pilotu eta kopilotuez gain, euren teknikoak bakarrik sartu ahalko dira bertara. “Pasealekuan ez da ezer egongo, ezta Gernika erdialdean ere. Ez dago aukerarik autoak herrian ikusteko. Rallyan bai, tarte bakoitzean ikusi ahalko dira, baina beste dena ateak itxita egingo da”, azaldu dute arduradunek.