Pentsiodunen aldarrien plazak pausoz elkartuz
Pentsiodunak herrietako plazetan batzen dira astelehenero, eta Bizkaiko plaza horietako batzuk zeharkatuko dituen ibilbidea egiten ari da Javier Comonte. Busturialdetik igaro da, eta pentsiodunen aldarriak indartzea du helburu.
Herriko plazek kontzertuak, elkarretaratzeak, jaietako txupinak, antzerkiak, dantzak… hartu ohi dituzte. Herriko mugimendu desberdinen erakusleiho dira, baita aldarrikapenentzako plaza bikaina ere.
2018. urteko urtarrilaren 15az geroztik, pentsiodunen topaleku bilakatu dira astelehenetan. Euren aldarrikapenak hango eta hemengo plazetan kaleratzen dituzte pentsiodunek. Euri zaparradei aurre egiteko aterkia dute ikur, eta elkarregaz hainbat oztopo gainditu dituzte dagoenerako. Oraindik ere, asko eta anitzak dira dituzten eskaerak, eta bizitza duinak eskuratu bitartean ez dira geldituko.
Hori horrela, pentsiodunen elkarretaratzeei bestelako ikusgarritasuna eman asmoz, Javier Comonte Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak pentsiodunen topagune diren plazak batzea erabaki du. Horretarako, ibilbide bat prestatu du Bizkaian, plazarik plaza, pausoz pauso joateko, eta pentsiodunen aldarrikapenak asteko edozein egunetan plazaratzeko. Duela hiru urte hasitako mugimendua indartu gura du horrela.
Euskara bultzatzeko egiten den Korrika bezalako zerbait egiteko hausnarketa duela urtebete egin zuen, baina antolakuntza arazoak eta pandemia tarteko, abuztuan ekin dio proiektuari: “Duela urtebete baino gehiago Done Jakue bidea egin nuen, eta Santiagotik bueltan, pentsiodunen aldarriak kaleratzeko eta mugimendua indartzeko ibilbide bat egiteko gogoa neukan, eta lortu dut azkenean”.
Etapaz etapa
Santurtzin hasi zen, gero ezkerraldea zeharkatu eta Enkarterrietara heldu zen. Handik Galdakaorantz abiatu zen, joan den aste bukaeran Gernika-Lumora iristeko eta handik Bermeora joateko. Aste honetan, Bakio eta Mungia bisitatzekoa da, gero Gorlizetik igaro eta Bilbora heltzeko. Urriaren erdialdean Begoñara joan gura du. Etapaz etapa banatu ditu herriak, ahal duen denbora tartean egiteko.
“Bizirik eta aske sentitu gura nuen berriro. Hala, pentsiodunak batzen ziren herri gehienetatik pasatzea pentsatu nuen, nire elkartasuna eta indarra eramateko. Hori da arrazoi nagusia”, azaldu du.
“Bakarrik ez sentitzeko” eta “beldurrak kentzeko” hasi zuen bidaia: “Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kide batek kontatu zuen denok isilean daramaguna. Herri guztietan gertatzen dena, baina inork kontatzen ez duena: denok gaudela kalera ateratzeko beldurragaz”.
Ikasturte hasierak prestatzen hasi ziren Bizkaiko pentsiodunak, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdekoak barne, eta hori ikusita, bidaiari ekin zion Comontek, “kalera ateratzeko deia eginez eta beldurrik ez edukitzeko esanez”. Izan ere, borrokatu egin behar dela uste du: “Egiten ari naizena nire gurasoek txikitatik erakutsi didatena da: arrazoia edukiz gero, borrokatu egin behar dela. Ez gara ikaratu behar. Gauza pentsaezinek euren fruituak ereiten dituzte”.
Bere pasioa da oinez egitea, eta horrek pentsiodunen aldarriak are ozenago eta are toki gehiagotan zabaltzeko balio badu, “pozik” dagoela dio. “Aurrera begiratu behar da, eta horretarako bakoitzak bere alternatibak eraiki behar ditu”.
Bego Landa Busturialdeko eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak harrera egin zion Comonteri, eta horrelako ekimenak egitea «oso positiboa» dela deritzo: “Gure lana azalerazten du. Oso positiboa da horrelako ekintzak ikustea. Berak egiten duen ahalegina garrantzitsua izateaz gain, gure irudia eta izena herriz herri zabaltzen ditu. Oso pozik gaude”.
Aldarriak plazara
Comontek plazak batu ditu, baina azpimarratu du astelehenero euren herrietako plazetan batzen diren pentsiodunak direla “benetako heroiak”, eta herri bakoitzak bereak dituela dio. Horiek astero-astero batzen direnak direla dio.
“Gauzak hobetu diren arren”, sakoneko eskaerek oraindik “konponbide barik” jarraitzen dute: gutxieneko soldatek eta pentsioek, esaterako.
Egindakoak “merezi” izan du, sakoneko eskaerak lortzeko gogoz daude pentsiodunak. “Garrantzitsuena borroka ez uztea da. Kalean aldarrikatzen jarraitu behar dugu. Oraindik asko dago lortzeko. Borroka orain uzten badugu lortutakoa ezerezean geratuko da, eta asko daukagu borrokatzeko”. Gainera, gazteentzako mezu zuzena ere badauka: “Denok batera egon behar gara, ez pentsiodunak bakarrik. Izan ere, soldata eta lan duinik egon ezean, ez da pentsio duinik egongo”. Gazteak mugitzen ari direla eta mugituko direla uste du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak: “Duela ia hiru urtetik gaude pentsiodunok udalen aurrean elkartzen, eta kalera ateratzea erabaki genuenean guk ere ez genekien horrenbeste denboran egongo ginenik. Bertaratzen hurrengoak gazteak izango dira. Apurka-apurka joango dira batzen, nahikoa dela esango dute”.
Herritarrei ere beldurra kentzeko eta astelehenetan plazara ateratzeko eskatu die, “koronabirusak utzitako egoerarekiko errespetua eduki behar delako, baina beldurrik ez”.
Esperientziak
Zeharkatu dituen herrietan «berotasun» handia jaso du Comontek, eta erantzuna “jendeak espero zezakeena baino askoz hobea” izaten ari dela uste du: “Herritarrek nire borroka ulertzen dute”. Oso eskertuta dago.
Egindako kilometroek ahaztuko ez dituen bizipenak eta pertsonak utzi dizkio. Zeharkatutako herrietan pentsiodun asko ezagutu ditu, “oso ausartak”: “78 urteko pentsiodun bat ezagutu nuen Enkarterrietan, nik baino bizitasun handiagokoa. Madrilera oinez joan zen pentsiodunetako bat zen. Niretzako horrelako pertsonak dira jarraitu beharrekoak”. Joan den astelehenean Galdakaon egon zen, eta han ere ezagutu zituen hainbat pentsiodun. Jendearen konpromisoa ikusi zuen, eta “ikaragarria” iruditu zitzaion: “Horiek dira astelehenetako benetako protagonistak, ni ez naiz inor”.