Irune Basagoitik irabazi du Bizkaiko eskolarteko lehenengo kanporaketa, Astran
Atzo jokatu zen Bizkaiko Eskolarteko Txapelketaren lehenengo kanporaketa; guztira hamar gazte oholtzaratu ziren Gernika-lumon jokatu zen saioan.
Martxan dago Bizkaiko bat-bateko eskolarteko txapelketa. Atzo jokatu zen lehenengo kanporaketa Gernika-Lumon, eta hamar gaztek parte hartu zuten bertan. Puntu gehien batu dituena Irune Basagoiti izan da.
Bertan egon ziren, baita ere, eskualdeko bertsolariak: Janire Arrizabalaga, Jokin Ansotegi, Aitzol Unzueta eta Malen Aretxaga. Eurekaz batera, Jare Torralba, June Diaz, Oier Errementeria, Urko Iurrebaso, Izaro Mazo eta Irune Basagoiti igo ziren oholtza gainera.
Gai-emaile lanetan Xabier Enbeita aritu zen, eta epaileak Leire Etxebarria, Iñaki Aurrekoetxea eta Ander Arrien izan ziren. Idazkari lanetan, berriz, Idoia Anzorandia aritu zen.
Txapelketaren nondik norakoak. Txapelketa udaberritik udazkenera atzeratu behar izan den arren, egitura antzekoarekin dator orain: alde batetik, bat-bateko txapelketa jokatuko da eta, bestetik, idatzizkoa.
Bat-bateko txapelketan guztira Bizkaia osoko 28 parte hartzaile egongo dira. Horiek hiru kanporaketetan kantatuko dute. Atzokoaz gain, gaur Durangoko Kurutziaga Ikastolan eta etzi, ostera, Bilboko Euskararen etxean ariko dira bertsolariak. Saio guztiak 17:00etan izango dira.
Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera, eta gainontzeko bost bertsolariak puntuazioaren arabera. Finala urriaren 17an jokatuko da Arrigorriagako Lonbo Aretoan.
Idatzizko Txapelketa, berriz, aurten ez da presentziala izango: Bizkaiko Bertsozaleren webgunean argitaratuko dira gaiak eta gazteek emailez bidali beharko dituzte lanak. Laster argitaratuko dituzte datak.