Landaketak egingo dituzte eguenean, Undabason
09:30ean Muxikako Asteiko aparkalekuan jarri dute hitzordua, eta parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute.
Haritzak, astigarrak, urkiak eta ahal duten guztia landatzen jarraituko du Lurgaia Fundazioak Undabason. 10 urte baino gehiago daramate Undabaso berreskuratzeko lanean, eta jakinarazi dute dagoenerako 120 hektarea baino gehiago daudela lehengoratzeko prozesuan.
Lur gehiago baso bihurtzeko asmoagaz jarraituko dute etzi. “Aste barruko jardunaldiak egitea erabaki dugu. Izan ere, pentsatu dugu agian boluntarioak egongo direla eta goiz atsegin bat pasatzen lagunduko digutela”, diote, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
09:30ean Muxikako Asteiko aparkalekuan jarri dute hitzordua, eta eguerdirako amaituko dute. Landaketetan parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute info@lurgaia.org helbide elektronikora mezua bidalita. Bertan, parte hartzaileen izen-abizenak, adina, udalerria eta mugikor zenbakia zehaztu beharko dituzte. Adierazi dutenez, pandemia egoerak irauten duen bitartean 16 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu dezakete.
Beharrezko materiala. Antolatzaileek zehaztu dutenez, maskara eramatea derrigorrezkoa izango da, eta ura eta janaria eramatea gomendatu dute, “goiz erdian pikatzeko”.
Eskularruak eta tresnak eramateaz Lurgaia fundazioa arduratuko da, baina parte hartzaileei arropa eta oinetako erosoak eramateko eskatu diete, eguraldiaren araberakoak.