Iñaki Bilbaoren borroka babestu dute Gernika-Lumon
Espetxeetan presoek bizi dituzten "muturreko baldintzak" salatzeko muturreko gose eta komunikazio greba abiarazi du Bilbaok. Gaur 19:30ean Bermeon batuko dira elkarretaratzean eta zapatuan manifestazio nazionala egingo dute Bilbon.
Askatasun Haizea herri ekimenak deituta, Iñaki Bilbao Goikoetxea Txikito euskal preso politikoari babesa adierazi zioten, zapatuan Gernika-Lumon. Gaur 19:30ean Bermeon batuko dira elkarretaratzean, eta zapatuan manifestazio nazionala egingo dute Bilbon; 18:30ean Moyua plazan jarri dute hitzordua.
Espetxeetan presoek bizi dituzten “muturreko baldintzak” salatzeko muturreko gose eta komunikazio greba abiarazi du Bilbaok, eta herritarrek euren elkartasuna adierazi zioten zapatuan Gernika-Lumon. “Preso politikoak herriarenak dira, dena ematen dute eta dena diegu zor, konpromisorik handiena hartu zuten eta orain ez ditugu bakarrik utziko. Gure babesa eta elkartasuna izango dute azken azkena etxean eta libre egon arte”, esan zuten.
Muturreko baldintza horiek “jasan ezinak” direla ere salatu zuten: “Muturreko baldintza horiek, estatuen aldetik, presoak militante eta pertsona moduan suntsitzea dute helburu. Baldintza jasan ezinetan bizi dira euskal preso politikoak. Krudeltasun hau bereziki ankerra izaten ari da Txikito preso politikoarekin. Izan ere, ezin dugu ahaztu, urterik gehien daraman euskal preso politikoa dela; 36 urtetik gora daramatza espetxealdi ezberdinetan. Isolamenduan, bisitetan kateatuta, inongo eskubiderik barik… Borrokarako eskubidea ere ez diote onartzen”. Gainera, Igor Gonzalez Sola presoaren heriotza ere gogoratu zuten, eta Euskal Herriko kartzela batean egon arren, “ez zuela jaso behar zuen mediku asistentziarik” adierazi zuten.
Hori horrela, Askatasun Haizea herri ekimenak presoen “izaera politikoa eta haien helburu politikoak” babesten duten ekimenetan parte hartuko duela jakinarazi zuen, eta, bereziki, Independentzia eta Sozialismoaren alde izango diren ekintzetan: “Hori da gure ustez, presoen alde egin dezakegun ekarpenik nagusiena”.