Deiadar hotsak entzun dira Batzarretxean
Gernikako Arbolaren ondoan gaur egin den ekitaldiak, Gorbeiako tontorrean bihar egin behar zen eta pandemia dela eta bertan behera geratu zen Deiadar Mendien Eguna ordeztuko du.
Deiadar hotsak entzun dira Gernika-Lumoko Batzarretxean gaur eguerdian. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gorbeiako tontorrean bihar egin behar zuten eta pandemia dela eta bertan behera geratu den Deiadar Mendien Eguna ordeztzeko ekitaldi sinbolikoa egin dute gaur.
Ekitaldiaren buru izan da Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, eta beragaz batera Javier Barrio historialaria eta 18 eta 70 urte arteko bost deiadar jotzaile egon dira: Jose Antonio Alaña, Vicky Hurtado, Juan Miguel Luque, Oier Ibañez eta Maialen Azkue.
12:00etan jo dituzte deiadarrak, Gernikako Arbolaren ondoan. “Hemendik, Gernikako Batzarretxetik, gaur egun ezagutzen dugun Erdi Aroko dokumentazinoan jasotzen den moduan egin gura dugu deia, Gernikan Batzar Nagusi handia hasi aurretik bost deiadarrak joz”, gogoratuazi du Otaduik.
Gogoratuazi duenez, Bizkaiak 2004an berreskuratu zuen tradizio hori, “ahaztuta geratu ez zedin”. Baina Gernikara mugatu beharrean, bost deiadar mendietara (Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitza) eroatea erabaki zuen, “XIX. mendean Antonio de Trueba historialari eta Bizkaiko kronistak berrinterpretatu zuen moduan”. Antonio de Truebak dioenez, iraganean hala egiten zen Batzar Nagusietarako deia. Gaur egungo historialarien iritziz, mendian egiten den ekitaldiak “tradizioa gaur egungo egoerara egokitzen du” eta “ohitura eta erakunde sustraituenak defendatzeko” ahalegina da.
Ohitura zaharra. Bost deiadarrak jotzea. Bizkaiaren sinbolo ikerketa-lanaren egileetako bat ekitaldian egon den Javier Barrio da, eta bere ikerketan adierazten du Antonio de Trueba izan zela ekitaldi hori “berrinterpretau” zuena, “Foruak etenbako erasoak jasaten ari ziran unean”. Une horretatik aurrera, Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitzatik Batzarretara deitzen zela dioen idea euskal historiografian eta jentearen sinismenean instalatu da, eta gaur egunera arte iraun du.
Bere iritziz, bost deiadarrak jotea “Bizkaiko jaunaren eta bizkaitarren artean sinatu zen eta bizkaitarrei euren legeetan oinarrituta modu librean gobernatzeko aukera ematen zieten hitzarmenaren sinboloa zen”.