Tokiko merkataritza sustatzeko bonoak Turismo Bulegoan daude eskuragarri
'Nik Gernikan Bonoa' ekimenaren bigarren zatia martxan dago, eta herriko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumitzeko 6.240 merkataritza bonu kaleratu ditu.
Tokiko merkataritza da COVID-19ak gehien kaltetutako sektorea, eta krisi horri aurre egin beharko diote merkatari eta ostalariek. Hori horrela, Gernika-Lumoko Udalak 30.000 euroko diru sail bat prestatu du herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko. Horretarako, herriko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumitzeko 6.240 merkataritza bonu sortu dituzte, Nik Gernikan Bonoa izenekoak.
Ekainean abiatutako kanpaina osatzeko bigarren zatia da hau, eta bonoak Turismo Bulegoan erosi ahalko dira azaroaren 30a bitartean, “edo agortu arte”. Oraingoan ere, 30 eta 5 euro bitarteko lau txeke dira, eta udalak horien zati bat finantzatuko du; 30, 15, 10 eta 5 eurokoak izango dira txekeak.
Aukeratu ahalko diren bonuak hurrengoak dira:
- Merkataritza Bonoa: 30 euroko balioa izango da, eta horietatik 20 euro ordainduko ditu kontsumitzaileak. Beste 10ak udalak ordainduko ditu.
- Pintxo Bonoa: Bonu bakoitzak 15 euroko balioa izango du; 10 euro kostako zaio kontsumitzaileari, eta 5 udalari. 34.000 bonu kaleratuko dira, eta bonu horri esker, pintxoak edota pastelak kontsumitu ahal izango dira taberna eta kafetegietan.
- Menu Bonoa: 10 euroko balioa izango du, 7 euro kostako zaio kontsumitzaileari eta 3 udalari. Horregaz, eguneko menu bat edota karta bat kontsumitu ahalko dute bezeroek.
- Gourmet Bonoa: 5 euroko balioa izango du. 3 ordainduko ditu kontsumitzaileak eta 2 udalak. Ogitartekoak, hanburgesak, pizzak edota errazioak kontsumitzeko aukera ematen du.
Horiek erosteko, NANa edo identifikazio agiri ofiziala aurkeztu beharko da, eta trukatzeko orduan behar bezala beteta egon beharko direla zehaztu dute, “NANaren zenbakiarekin eta hartu dituen pertsonaren sinaduragaz”.
Jose Mari Gorroño alkateak ekimen honek gaur egun duen garrantzia azpimarratu du: “Pandemiak gehien kaltetutako herriko sektore ekonomikoei lagundu behar diegu, ostalaritzari eta merkataritzari, esaterako”. Hori horrela, herritarrei eskatu die kanpaina babesteko eta hurbileko merkataritza eta ostalaritza dendetan kontsumitzeko, “pandemia gainditu ondoren ere”.
Gaizka Muniategi Gernikako Merkatari Elkartuak elkarteko presidentea pozik agertu da kanpainaren lehen zatiagaz, eta Gernika-Lumon erosteko kontzientzia sortzeak duen “garrantzia” azpimarratu du. Ekimenari atxikitako saltokiak kontsultatu nahi dituztenek https://www.gernika-lumo.net/nikgernikan atarian ikus ditzaketela zehaztu du.
Balorazio “positiboa”. Ekainean, koronabirusak sortutako krisiari “ahal den neurrian aurre egiteko” helburuagaz jarri zuen martxan kanpaina udalak. 70.000 diru saila jarri zuen Gernika-Lumoko Udalak, eta 47.266 bonu kaleratu zituen, horien zati bat finantzatuta.
Iñigo Magunagoikoetxea merkataritza zinegotziak zehaztu duenez, lehen txanda “oso positiboa” izan zen: “Bonuen %80 saldu ziren, eta 325.000 euroko gastu induzitua lortu zen. Horrek esan nahi du udalaren ekarpena boskoiztu egin dela, eta 100.000 eurokoa izan dela”.