Bide eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko biribilgunea
Gernika-Lumotik Zornotzarako irteeran eraiki dute biribilgunea, Arane parean. Ibilgailuen joan-etorria antolatzea du helburu.
Gernika-Lumoko Udalak herri irisgarri eta segurua egiteko Udalerri irisgarria eta segurua proiektuagaz jarraitzen du. Hori horrela, bide eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko asmoz, biribilgune bat eraiki dute Gernika-Lumoko irteeran, Zornotzarako noranzkoan, Arane parean.
Biribilguneak ibilgailuen joan-etorria antolatzea du helburu. “Jarduketa horri esker, bertan dagoen bidegurutzearen birak berrantolatu ahal izan dira, eta hiriguneko sarrera-irteeran ibilgailuen joan etorria baretu egin da”, adierazi dute Gernika-Lumoko udal arduradunek. Inguru horretako espaloiak beheratu eta seinale horizontalak ere margotu dituzte.
Oinezkoentzako pasabideak. Beste alde batetik, Iparragirre eta Urremendi kaleetan eta Bekoibarra industrialdeko aparkalekuetako sarbideetan espaloiak egokitu dituzte, “irisgarritasuna hobetzeko”; hain zuzen, hiru espaloi beheratzen egin ditu udalak. Lan horiek ez ezik, aipatu industrialdean oinezkoentzako pasabideak eta hainbat seinale horizontal margotu dituzte.
Udalak jakinarazi duenez, errepideak kontserbatzeko eta mantentzeko lanekin jarraituko du, Hori horrela, hilabete honetan, bideak egokitzeko hainbat asfaltatze eta egokitze obra egingo dituzte, Iparragirre, Kortezubi eta Enrique Amurrio kaleetan.