Astelehenean zabalduko dute Mundakako gimnasioa
Astelehenetik barikura zabalik egongo da goizeko ordutegian: 09:00etatik 13:00etara. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.
Mundakako gimnasioak astelehenean (urriak 5) zabalduko ditu ateak bazkideentzat. Jakitera eman dutenez, astelehenetik barikura zabalduko dute, eta goizez bakarrik erabili ahalko da: 09:00etatik 13:00etara.
Gimnasioa erabili gura dutenek, hala ere, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute. Horretarako, interesa daukatenek 688 71 78 24 telefono zenbakira deitu beharko dute. Hitzorduak astebete arinago eska daitezkeela azaldu dute. 65 urtetik gorakoek, gura izanez gero, kiroldegian bertan egin ahalko dute erreserba hango arduradunagaz (Arantza).
Erabiltzaileek astean, gehienez, hiru erreserba egin ahalko dituzte. Ordubeteko erreserbak izango dira; horietatik 45 minutu izango dira kirola egiteko. Gainontzeko 15 minutuak garbitzeko erabiliko dituzte.
Bete beharrekoak. Gimnasioko erabiltzaileek, hala ere, zenbait baldintza bete beharko dituzte. Esaterako, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da espazio guztietan. Gainera, sarreran tenperatura hartuko diete erabiltzaileei eta oinetakoak garbitu beharko dituzte.
Kirola egiteko erabiltzaileek beste oinetako batzuk jarri beharko dituzte, eta bi eskuoihal eroatea eskatzen dute; horietako bat izerdirako eta bestea makinetan jartzeko.
Makinak erabili ostean, erabilitako makinak eta materiala “nahitaez” garbitu beharko direla azaldu dute.