Bihar hasiko dira ikastaroak Mundakako parke osasuntsuan
Aurten parke osasuntsuko erabiltzaileek zenbait prebentzio eta higiene neurri bete beharko dituzte.
Astean egun batez parke osasuntsuko soinketa makinak nola erabili ikasteko ikastaroa eskainiko dute beste behin ere Mundakan. Bihar goizean hasiko dira ikastaroekin eta urriaren 7an, 14an eta 21ean izango dute jarraipena.
Txorrokopunta parkean eskainiko dute ikastaroa, 09:30ean hasi eta 10:30ak arte. Giharren luzaketak, oreka, erresistentzia, indarra, arnasketa… lantzeko aukera ematen du Mundakako parke osasuntsuak.
Parke osasuntsuetan jarduera fisikoa egiteak onura ugari ditu; “osasunerako ona izateaz gain, sozializatzen laguntzen du, eta ondo pasatzeko aukera ere ematen du”.
Gainera, erregulartasunez praktikatzeak “inmunitate-sistema indartzen” laguntzen duela diote, eta horrek, era berean, gaixotasunen prebentzioan laguntzen du. Sintomatologiaren arintzea ere errazten duela gaineratu dute.
Aurten, hala ere, COVID-19aren eraginez, parke osasuntsuko erabiltzaileek zenbait prebentzio eta higiene neurri bete beharko dituztela jakinarazi dute Mundakako Udaletik. Erabiltzaileek, hortaz, derrigorrezkoa izango dute maskara soinean jantzita eroatea, “jarduera bizia edo arnasketa arazoak dutenek izan ezik”. Maskara soinean eroateaz gain, 1,5 metroko segurtasun distantzia ere errespetatu beharko dute.
10 laguneko taldeak. Parkea saioa hasi aurretik eta amaitu ostean desinfektatuko dute. Hala ere, erabiltzaileek eskuoihal bat eroan beharko dute makina estaltzeko. Gainera, saioa hasi baino lehen eta amaitzean gel hidroalkoholikoagaz garbitu beharko dituzte eskuak.
Aurten, gainera, taldeetan egon daitezkeen pertsonen kopurua ere mugatua da; gehienez, 10 lagun egon daitezke. Saio bakoitzaren hasieran, gainera, parte hartzaile bakoitzari tenperatura hartuko diote.