Bi tona elkartasun, Lesbosera
Lesbos uharteko Moria errefuxiatuen kanpamendura bidaltzeko janari bilketa egin zuten joan den astean Gernika-Lumon, eta, guztira, bi tona janari bildu ditu Zaporeak Elkarteak.
Zaporeak irabazi asmorik gabeko elkarteak Lesbos uharteko Moria kanpamenduan (Grezian) bizi diren migratzaileei laguntzeko janari bilketa egin zuen joan den astean Gernika-Lumon, eta bi tona janari bildu zituen udalerrian.
Duintasuna elikatzeko deiagaz bat egin dute herritarrek, eta euren konpromisoa “ikaragarria” izan dela adierazi dute Zaporeak elkarteko kideek. Orokorrean “jende askok” parte hartu du, eta euren aurreikuspenak “gainditu” dituzte. “Bildutako guztia herritarrek euren poltsikotik jarritakoa izan da, eta hori oso pozgarria da. Herri batean bi tona jasotzea asko da. Izan ere, beste batzuetan janari gehiago jasotzen dugu, baina tartean daude enpresa handien dohaintzak”, zehaztu dute.
Herritarrek elkartasuna erakutsi dute, eta euren konpromisoa “pozgarria” izan dela diote. Janaria uzten zutenak “poltsa handiak” eramaten zituztela nabarmendu dute: “Errefuxiatuen egoeragaz herritarrak hain kontzientziatuta ikusteak asko poztu gaitu. Janaria biltzen egon garenak oso pozik gaude alde horretatik, ikusi dugulako jendearen aldetik konpromisoa dagoela munduko beste alde batzuetan ematen diren injustiziekin”.
Eragileen babesa. Gernika-Lumoko herritarren parte hartzea eskertu dute, baina eragileek egindako lanari ere garrantzia eman gura izan diote. Seber Altube Ikastola, Allende Herri Ikastetxea, Maier, Eroski, Astra edota Lurgorri auzoko herritarrak eskertu dituzte, “erakutsitako prestutasunagatik eta laguntzagatik”. Eurei esker lortu dutela “horrenbeste jenderengana” iristea adierazi dute.
Bilketa antolatzea ez da “erraza” izan: “Emergentziazko kasu bat izan da, eta egun gutxi izan ditugu dena antolatzeko. Beste batzuetan, Saharara bidaltzeko janari bilketak egiten direnean esaterako, herrietan lanketak egiten dira urtez urte. Baina hau emergentzia bat izan da, eta informazio asko zabaldu behar izan dugu denbora gutxian”.
Bilketaren garrantzia. Zaporeak elkarteak Moriako kanpamendua egunero 2.000 otordu eskaintzen zituen, baina irailean erre egin zen kanpamendua. Geroztik, 14.036 pertsona errepidean lo daude, janaririk eta urik barik. Larrialdi horri aurre egiteko, otorduak bikoiztu zituzten.
Hori horrela, janari bilketei eta herritarren elkartasunari esker, Morian dauden 4.000 errefuxiatu baino gehiagok, gutxienez egunean behin, duintasunez jan ahalko dute. “Horregatik dira jendearen ekarpenak horren garrantzitsuak. Ez da bakarrik arrosa ematea. Arros horregaz jende asko elikatu dezakegula erakutsi gura dugu”, diote.
Hain zuzen, Zaporeak proiektuak batzen duen guztia Lesbosera heltzen dela adierazi dute: “Batzuk beldurragaz ematen dute janaria, ez daudelako oso ziur janaria tokietara helduko den edo ez. Baina guk Zaporeak proiektutik ziurtatzen dugu bildu dugun janari guzti-guztia Lesbos irlara heltzen dela, gure begiekin ikusten dugulako. Izan ere, han egoten gara urtean hainbat hilabetetan, eta heltzen den janaria guk prestatzen dugu”.