Mikel Bilbaok alkate izaten jarraituko du, independente modura
Mundakako EAJ udal taldeak Bilbao alderditik kanporatzea erabaki du. Bilbaoren ustez, EAJk "bere jarrera zigortu" gura izan du.
Mundakako Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) udal taldeak Mikel Bilbao Ruiz alkatearen aurka aurkeztutako zentsura mozioa ez da tramitera onartu, eta alderdi jeltzaleak Bilbao euren udal taldetik kanporatzea erabaki du. Gaurko osoko bilkuran jakinarazi dute erabakia, baina Bilbaok alkate izaten jarraituko du, independente modura.
Mikel Ruiz alderditik bota ostean, EAJren udal taldea honakoek osatzen dute orain: Irati Gondra Martinez, Edorta Renteria Requero, Bego Eraña Heras, Josu Rementeria Maiz eta Manoli Badiola Lekosais. Udal taldeko kideek Irati Gondra aukeratu dute alderdiko bozeramaile izaten jarraitzeko.
Bilbaok zenbait adierazpen egiteko tartea hartu du gaurko osoko bilkuran: “Zorionez, demokraziako berme legalek funtzionatu egin dute kasu honetan, eta zentsura mozioak ez du ibilbiderik eduki”. Bestalde, esan duenez, “ez ditu puntuz puntu desmuntatuko alkate modura daraman denboran bere gain egindako difamazioak, faltsukeriak, eta batez ere, intereseko manipulazioak”.
Hain zuzen, EAJren udal taldeak “bere jarrera zigortu” gura izan duela adierazi du: “Ez diet kanpoko presioei men egin. Alkate modura legea lehenesten saiatu naiz, bai eta herriaren alde lan egiten ere. Eta ez dut EAJren interes partidisten alde egin, ezta Mundakako Batzokian haria mugitzen duten pertsonen alde egin ere”.
Haren ustez, Mundakako EAJren udal taldetik botatzearena “estrategia bat da”, alkateen aurkako zentsura mozioak eskatzen duen legea betetzeko.
Esandakoa berretsiz, EAJko udal-talde politikotik kanporatzearen espediente osoaren kopia bat eskatu du Bilbaok, “kanporatze-prozesuan dauden karguaz kanpoko elementuak aztertzeko”.
Defentsa
Bilbaok adierazi duenez, bere defentsarako behar adina argudio aurkeztu zituen aukera eman ziotenean, “behar bezala eta epean”. Hala ere, horiek ez zutela alderdi jeltzalean “inolako eztabaidarik” sortu adierazi du: “Aurkeztutako argudioek, beste edozein prozesu demokratikotan EAJko afiliatuen arteko eztabaida bat sortuko lukete gutxienez, eta, horren ondorioz, kanporatzeko erabakiagaz kritikoak ziren ahotsak agertu beharko ziren. Baina ez da hori gertatu”.
Mundakako Udalaren webgunean aldaketak egitea eskatu du EAJko zinegotzi Irati Gondrak, “Mikel Bilbao oraindik EAJko kide moduan agertzen baita”.
—-
Edorta Jimenez EH Bilduko zinegotzi izango da
Edorta Jimenez Ormaetxeak EH Bilduren zinegotzi kargua hartu du gaurko osoko bilkuran. Hain zuzen ere, Aline Soberon Rodriguezek utzitako kargua hartu du Jimenezek. Hala, EH Bilduko zinegotzi Julen Telletxea Astigarraga eta Jose Jabier Aragues De Oruegaz lanean ariko da aurrerantzean.