Gernikarrek kultur jarduerekin gozatu ahalko dute barikutik aurrera
Bost ikuskizun eta bederatzi saio zinematografiko eskainiko ditu Lizeo antzokiak urrian
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak alarma egoeran eten zituen kultur jarduerak berreskuratuko ditu, barikutik hasita. Hala, martxoan eten egin zuten kultur programazioa eskainiko du aurrerantzean. Gernika-Lumoko Kultur zinegotzi Jokin Garateak azaldu duenez, “poztu egiten gaitu kultur eskaintzarekin berriro hasteak, eta pandemia artearen munduan sortzen ari den lurrikara isilari iseka egiten hasteak”. Zehaztu du, gainera, ekitaldiak Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloei jarraituz egingo direla, kutsatze berriak saihestu asmoz.
Hala, Lizeo antzokiaren edukieraren %60ra murriztea erabaki dute, eta ikusleen artean metro eta erdiko distantzia mantendu beharko da, halabeharrez. Funtzioak ikusi ahal izateko maskara jantzita eduki beharko da, eta eskuak gel hidroalkohgolikoarekin garbitu beharko dituzte aretora sartzeko.
Urriko ekitaldiak. Bost ikuskizun eskainiko dituzte Lizeo antzokian, urrairen 4tik 31ra bitartean. Domeka honetan izango da lehenengoa, Oliver magoa eta Liubaren eskutik. Lehenengo emanaldi hori doakoa izango da, eta 17:00etan hasiko da. Hurrengo ikuskizunen prezioa 3 eta 12 euro bitartekoa izango da.
Kaskarot antzezlana, Moxalen kontzertua, Lilibertsoren saioa eta Aitor Etxebarriaren emanaldia izango dira urrian Lizeon ikusi ahalko direnak. Era berean, zinemak eta zine-klubak ere bere jarduna berreskuratuko dute. Urriaren 9an eta 23an egongo da zine-kluba.
EGITARAUA:
Urriaren 4an: Oliver magoa eta Liuba. 17:00etan, Lizeo antzokian.
Urriaren 11n: Kaskarot (Atx teatroa).
Urriaren 16an: Moxal.
Urriaren 25ean: Lilibertsoren eskutik, bertso saioa.
Urriaren 31n: Aitor Etxebarria.
ZINE-KLUBA:
– Urriaren 9an: Los miserables
– Urriaren 23an: Retrato de una mujer en llamas