Denboraldiko ligako lehen garaipena, etxean
Malosteko zaleen aurrean, Lointek Gernika Bizkaiak 70-45 irabazi dio Bembibreri.
Emakumezkoen Ligaren 2. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 70-45 irabazi dio Embutidos Pajariel Bembibreri. Denboraldiko ligako lehen garaipena Malosten lortuta, Emakumezkoen Ligaren sailkapenean hirugarren dago talde gernikarra, hiru puntugaz ( asteburuan bi partidu bertan behera utzi behar izan dituzte). Sei talde daude hiruna puntugaz, eta puntu bat gehiago dituzte Spar Gironak eta Valencia BCk.
Aforo mugatuagaz jokatu arren, marea granatearen bultzada igarri zuten Lointekekoek atzo eguerdian. Joko onagaz hasi zuten partidua; defentsan huts egite batzuk eduki zituzten etxekoek, eta apurka-apurka aldea ateratzen joan ziren. 10-11 puntuko aldeagaz eroso zegoen etxeko taldea, eta atsedenaldiaren aurretik 13 puntuko aldea ere lortu zuen. “Hor partidua apurtzeko aukera eduki dugu, baina ez dugu egin”, zehaztu zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak. 28-27ko markagailuagaz amaitu zuten lehenengo zatia. Hirugarren laurdenaren hasieran geldo aritu ziren etxekoak: zirkulazioan eta defentsan arazoak eduki zituzten eta joko motela egin zuten. Baina, apurka-apurka hobetzen joan ziren, eta azken laurdena lasaia izan zen eurentzat.
Barruko joko indartsua egitea izan zen etxekoen estrategia. Partidu hasierako lehen hiru erasoetan hiru hiruko egin zituen Lointekek (Cornelius, Buch eta Bjorklund). Bigarren laurdenean erasoan gozatzen eta defentsan menderatzaile ikusi zen etxeko taldea, eta errebotea kontrolpean izan zuen. Etxekoen nagusitasuna nabari zen kantxan. Bigarren zatiaren hasieran bestelako itxura erakutsi zuten bi taldeek. Gernika-Lumoko taldeak ia hiru minutu behar izan zituen hirugarren laurdeneko lehen puntuak lortzeko. 19 puntuko abantailagaz heldu ziren azken laurdenera. Ez zuten ezustekorik gura, eta aurkariak ondo estutu zituzten momentu oro. Hirugarren laurdenaren azken minutuetan eta laugarrenaren lehen minututean 19-0ko partziala egin zuen Lointekek. Baloia azkar mugituz, gustura jokatzen ari ziren Malostekoak.
Jokalari berriek taldearen jokoa ulertzeko behar dituzten minutuak ematen ahalegindu zen Lopez: “Defentsan huts egiteak egin ditugu, eta hamasei baloi galdu ditugu. Hori eta bat baten kontrako defentsa hobetu behar dugu. Baina asistentzia asko egon dira, eta ikusi da gero eta batuago dagoela taldea”. Hazten eta hobetzen jarraitzea da euren helburua: “Defentsan zein erasoan izan nahi dugunetik urrun gaude oraindik. Baina, hurrengo partiduetarako garaipen honek konfiantza eman behar dio taldeari, partidu konplikatuak izango dira eta”.
Partidu amaieran, pozik zegon Paula Ginzo Lointeken jokalari kantabriarra. Hasierako boskoteko jokalarietako bat izan zen, eta esaterako, hirugarren laurdenean minutu ikusgarriak egin zituen. Bembibre izen handiko taldea izan ez arren, “errespetuz hartu beharreko aukaria” dela esan zuen, eta umiltasunez kantxaratuta irabazi dietela: “Irabazteko talde zaila zen; azkar eta intentsitate handiz jokatzen du. Talde oso gaztea da eta jokalariek ilusio eta gogo asko dituzte. Ligako talde guztiei errespetu handia izan behar diegula uste dut”.