Trinkete, eredu eta ardatz
20 urtetan musikaz gozatu eta gero, Gernika-Lumoko Trinkete Antitxokoak agur esan du. «Penaz, baina duintasunez» itxi dute lokala, kultur arloko eredu bihurtuta.
Eredu, ardatz, oinarri, aterpe… asko dira Trinkete Antitxokoa definitzeko musika sortzaile eta zaleek erabili dituzten hitzak. Gernika-Lumoko musika zaletasunean eragin nabarmena eduki duen lekua izan da Trinkete, eta horrela gogoratuko dute antitxokoaz gozatzeko aukera eduki duten guztiek.
“Lagun artean mimo, maitasun, lan, inprobizazio eta naturaltasunez sortu den proiektu bat izan da Trinkete, urteekin hazten joan dena”, diote Antitxokoko kideek. Bizitza erdi elkarregaz dantzatu ostean, baina, agur esatea tokatu zaie: “Penagaz, baina duintasunez esaten dugu agur, proiektuak hasten jakin behar diren moduan amaitzen ere jakin behar direla onartuz”.
Erabakia ez dute eurek hartu. Lokalaren alokailuaren kontratua amaitzen zitzaielako itxi behar izan dute lokala, 20 urteko ibilbidea egin eta gero: “Duela 20 urtetik alokairuan egon gara, eta orain arte jabeak ez digu inolako oztoporik jarri. Baina nagusia da, eta bere familiakoek hartu dute lekuaren kargua. Hala, kontratua aurten amaitzen zitzaigunez, ez digute berritzeko aukerarik eman”. Iaz jakinarazi zieten erabakia, eta alokairua ahalik-eta gehien luzatzeko ahaleginak egin dituzten arren, ez dute luzapenik lortu.
Gainera, Trinkete beste leku batera mugitzea ez dute aukera modura ikusten: “Beste leku batera mugitzea ez dugu pentsatu. Urte asko daramatzagu, eta beste Trinkete bat egitea beste leku batean ez dugu posible ikusten. Trinkete leku horri lotuta dago, asko, gainera. Ia 20 urte daramatzagu, eta hasten eta amaitzen jakin behar dugu”.
Ibilbide luze eta oparoa
Orain dela 20 urte sortu zen Trinkete Antitxokoa, eta hasieran lagun arteko kontua zela azaldu dute: “Orain dela 20 urte hasi ginenean, ez genuen gerora sortu den guztia espero. Lokal bat hartu genuen bertan egoteko, eta apurka-apurka kontzertuak antolatzen hasi ginen. Guri musika asko gustatzen zitzaigun, soinu teknikariak geneuzkan, baita Robert Quintana moduko kartel egileak ere. Holan, apurka-apurka hasi ginen guretzako kontzertuak egiten”. Baina handitzen joan den proiektuaren hasieran zeuden. Gerora, taldea handitu ahala, hitzaldiak, antzerki zikloak eta tailerrak egin dituzte, besteak beste: “Taldera gehitzen zen jendearen araberako gauzak antolatu ditugu. Bakoitzak bere gustukoak antolatzen zituen, asko pentsatu barik eta modu naturalean”.
Arima taldeak Lekueken emandako kontzertua izan da Trinketeko azkena
Musika arloan plaza bat eskaini diete ohiko kartel handietan tokirik ez duten taldeei: “Gure helburua guri gustatzen zitzaizkigun taldeak ekartzea izan da, baita ere berez kontzertuak non eman ez dituzten taldeei aukera ematea”. Sala handietan kontzertuak ematearren taldeek dirua jarri behar dutela diote, eta Trinketen euren lana ikusaraztea bultzatu dute. Musika zaleeen elkargune izan da, mila gau, barre algara eta parranda ezagutu dituena. Denetariko kontzertuez gozatu dute Trinketera joan direnek, eta talde ezagun zein txikien doinuekin dantzatu dute. Baina kontzertu “berezienetako” bat Ruper Ordorikarena izan zela aitortu dute Trinketeko kideek: “Guretzako momentu oso berezia izan zen Ruper etorri zenean. Trinketeko taldea aldatzen joan gara, baina Ruper zaleak izan gara denok, eta lortu genuen bera etortzea. Kontzertu berezia izan zen”.
Bereziak izan dira baita ere kontzertuak izan ez diren ekitaldiak. Esaterako, Atxiki izeneko antzerki zikloa egin zuten, eta «oso garrantzitsua» izan zen. “Kontzertuetara etorten ez zen, baina antzerkia gustatzen zitzaion jendea erakarri dugu horrela. Beti eduki dugu publiko oso fidela”.
Azkenengo ekitaldia martxoan izan zen. Lekuek jaialdian Arima taldeak eman zuen kontzertua, hain zuzen. ”Pena handia” ematen die Trinketek agur jairik eduki ez izana: “Gustatuko zitzaigun agur esateko asteburua egin ahal izatea. Ahalegindu gara, baina ezin izan dugu”.
Hutsunea zelan bete
20 urteko ibilbide oparoan eragin “nabarmena” izan du Trinketek herrian. Antitxokoa sortu zutenean ez zegoen horrelako lekurik Gernika-Lumon, eta gerora etorri ziren Astra eta Iparragirre Rock Elkartea. “Eragin horren adibide zarete sortutako bide berri guztiak, orain lekukoa daramazuenak, Trinkete zuekin dago”.
Astrako kideen hitzetan, Trinketek “zerbait berezia” utzi du herrian: «Sarritan bizitzak agur esatera behartzen gaitu. Agurrak mingarriak diren arren, batzuetan agurtzen duzun horrek zerbait berezia uzten dizu barru barruan, betirako. Beharbada, bizitzaren alderik ederrena horixe da: pausoak eman baino gehiago besteengan zerbait berezia uztea”. Aterpea eta babesa izan da eurentzat, eta Trinketek kultur jarduera ulertzeko “begirada propio” bat eduki duela nabarmendu dute: “Hurbiltasunetik, autogestiotik, eskuzabaltasunetik, pertsonen zaintzatik eta gozamenetik erakutsi digu egiten duen horrek egiten duen hori gozatzea ezinbestekoa dela edozein proiektu bizirik mantenduko bada”.
Kontzertuak non eman ez zutenei agertoki bat eskaini die Antitxokoak
Orain eurek dute lekukoa. “Badago jendea herrian hutsune hori beteko duena. Hor dago Iparragirre Rock Elkartea, eta hor dago Astra. Tabernak ere hasi ziren kontzertuak antolatzen. Orain gelditu egin dira koronabirusagatik, baina badago jendea gauzak egiteko eta kultura bultzatzeko gogoz”, diote Trinkete Antitxokokoek.
Atsedena hartuko dute orain, garapen asko izan duen ibilbidea egin eta eredu bihurtu eta gero. “Asko maitatu dugu lekua, mimo askogaz zaindu dugu, eta hori asko nabaritzen da gauzak egiteko moduan”.
Hala, Trinkete Antitxokoaren bidaian parte hartu duten musikari eta sortzaile guztiei eskerrak eman dizkiete, baita ere “eskuz esku lanean” egon direnei, “eta zelan ez”, Trinketez gozatzera inoiz bertaratu diren denei. “Eskerrik beroenak orain arte eutsi gaituen eraikintzarrari. Zeuri zor dizugu agurrik ederrena”.