Garuneko gaitza dutenei arreta ematen dien Gernikako eguneko zentroa zabaltzeko eskatu dute erabiltzaileek
Martxoaren 15ean itxi zuten zentroa, eta oraindik ez dute zabaldu. Erabiltzaileek azalpenak eskatu dituzte, eta sinadura bilketa hasi dute, zentroa zabaltzeko eskatuz.
Garuneko gaitza edo urritasun neurologikoa duten pertsonei eguneko arreta ematen dien Lurgorri Eguneko Zentroa itxita dago, eta erabiltzaileek salatu dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak “ez du hori zabaltzeko asmorik”. Hori horrela, bertan zeuden erabiltzaileen beharrizanak kontuan hartu, eta zentroa zabaltzeko eskatu dute.
Lurgorri Eguneko Zentroa Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumenekoa da, GUFE sarearen barrukoa. Eguneko zerbitzua eskaintzen du, eta «inolako jakinarazpenik barik» bertan zeuden Busturialdeko eta inguruetako 15 erabiltzaile “kalean utzi” dituztela salatu dute: “Martxoaren 15ean COVID-19a iritsi zelako itxi zuten, eta normaltzat hartu genuen. Baina, maiatzean, aldundiaren horrelako beste zentro batzuk ireki zituzten, eta Lurgorrikoa ez”.
Gaur gaurkoz, ez dakite zentroa zabalduko duten edo ez, baina ezetz uste dute: “Denon harridurarako, zurrumurruen bitartez jakin ahal izan dugu ez dutela berriro zabaltzeko asmorik, baina guri ez digute ezer konfirmatu ez ukatu”. Hala ere, aldundiak lokal horri beste erabilera bat eman gura diola uste dute, eta “momentuz behintzat”, ez dutela lehengo zerbitzuetara bueltatzeko asmorik.
Hain zuzen, erabiltzaileek salatu dute ez dutela inolako azalpen “argirik” jaso: “Erabiltzaileak zerbitzurik barik utzi dituzte, inongo azalpen ezta irtenbiderik barik. Errealitatea da kalean utzi gaituztela, eta martxotik etxean daudela erabiltzaileak. Bakoitzak bere dramak ditu, askok 24 orduko laguntasuna behar dute, eta nagusiak daude etxeetan eurak zaintzen. Arazoak ditugu”.
Azalpenik jasotzen ez zutela ikusita, erabiltzaileek kexak jarri zituzten, “azalpenak eskatzeko”. Normaltasunera noiz itzuliko ziren galdetu zuten familiakoek, baina “momentuz ezetz” esan zieten: “Gero, banan-banan deitzen hasi ziren, zentrokoak Bizkaiko beste zentroren batean kokatu ahal dituztela esanez, zerbitzu hori eskaintzera behartuta daudelako”.
Erabiltzaileak beste toki batzuetan egokitu ahal izatea proposatu diete, baina oraindik ez dute aukera ziurrik. Busturialdeko jendeari, esaterako, Bilboko zentro batera joateko aukera ematen diete. “Joan-etorriak egunero egin beharko dituzte hara joanez gero, eta horrek arazo asko suposatzen ditu. Baina oraindik ez digute horrelakorik konfirmatu”.
Horregatik, Gernika-Lumoko zentroa zabaltzeko eskatu dute, eta sinadura bilketa abiatu dute horretarako: “Indarrak batuta, erabiltzaile guztiak Gernikako zentroan zabaltzeko eskatzen dugu”. Izan ere, jakinarazi dutenez, euren ustea da aldundiak “banakako akordioak” lortu gura dituela. Herriko alkateagaz ere berba egin gura dute erabiltzaileen familiek, “lokala udalarena delako, eta udalak ere zeresana duelako”.
Zentroaren garrantzia
Garuneko gaitza edo urritasun neurologikoa duten pertsonak zaintzen dituzte zentroan: “Bertan dabiltzan erabiltzaileak beharrizan bereziak dituzte, eta Lurgorrin oso gustura eta ezin hobeto zainduta egon dira”. Zentroa “bikain” ibili dela diote, %100 okupatuta: “09:00etatik 17:00etara egoten dira han, oso ondo zainduta eta pozik”.
Horragatik, ez dute ulertzen zentroa bertan behera uztearen erabakia: “Zein izango da erabilera hobea orain arte eduki dutena baino?”.