Salbuespen espetxe politika bertan behera uzteko eskatu dute, "urgentziaz"
Urriaren 3an Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko ekimenagaz bat egiteko deia egin dute. Busturialdean hainbat menditara igoko dira, Gernika-Lumoren kasuan, Kosnoagara.
Elkarretaratzean batu dira gaur iluntzean Gernika-Lumon, eta Espainiako eta Frantziako gobernuek “euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legedia” amaitzeko eskatu dute Sareko kideek.
Salbuespen espetxe politika “urgentziaz eta behin betiko” bertan behera uzteko deia egin dute. “Uda amaitu berri da, eta eskolari, lanari eta egunerokoari heldu diogu herritar askok, pandemiaren ondorioz bizi dugun egoerara egokitzeko asmoz. Baina salbuespen neurrietan oinarrituriko espetxe politikak ez du etenik izan azken hilabeteetaan, eta euskal presoek eta euren inguru hurbilak haren ondorioak pairatzen jarraitzen dute, osasun neurrien ezarpenek eragindakoak gehituta”, salatu dute Sarekoek. Gainera, horren lekuko direla gero eta espetxe gehiagotan aurrez aurreko komunikazioak “eten” izana adierazi dute. Horrek hartu-emanen galdera eta barruko errealitatean are gehiago isolatzea dakarrela diote.
30 urte baino gehiagoz Espainiak urruntzean oinarritutako espetxe politika mantentzen jarraitzen duela diote, eta, ondorioz, presoen 16 senide eta lagun hil direla salatu dute: “Edozein egunetan berri txar batek gure bihotzak urra ditzake berriro. Orain bi asteburu gerta zitekeen, Alberto Viedma preso iruñearraren lagun batek kotxe istripua izan zuenean”. Viedmaren senidea Murtziako espetxean bisita egitetik Euskal Herrirako bidean zegoen, 1.000 kilometroko bidea egiten.
Hori horrela, euskal preso, iheslari eta deportatuen existentzia hutsak agerian utzi duela konpondu gabeko aferak daudela diote: “Horien soluzio bidea gauzatzea beharrezkoa zen atzo eta gaur, eta pandemia hau tarteko gehiago”. Horregatik guztiagatik, euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzeko eskatu dute, eta larriki gaixo dauden presoek, hala nola 65 urtetik gorakoek, aske behar dutela aldarrikatu dute. “Preso eta senideek dagozkien eskubideak berreskuratu behar dituzte. Horretarako, gradu progresioa ahalbidetu behar dute, baldintzak betetzen dituzten presoek etxean egin behar dutelako”.
Kartzela sistema. Gernika-Lumoko Sarek, gainera, Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza salatu du gaurkoan, “edozein preso bortizki hiltzeak kartzela sistemaren porrota dakarrelako”. Kartzela ezin dela pertsonen “biltegi” izan esan dute.
“Igorrek, sistematikoki eskubide urraketa ugari jasateaz gain, espetxe zigorraren hiru laurden beteta zuen; ohiko legedia ezartzen zaien gainontzeko presoei ezartzen zaien espetxe-araudi bera aplikatu izan balitzaio, gaur bizirik eta aske egongo litzateke”, jakinarazi dute. Eta ez direla aspertuko etxean gura dituztela aldarrikatzeaz adierazi dute: “Salbuespen legediak heriotza dakar, eta guztion ardura da politika hau behin betiko bertan behera gelditzea”.
Izan Bidea. Herritarren konpromisoa behar da oinarriak aldatzeko, eta horregatik, Sarek herritarrak animatu ditu Ibiltariak izatera. Hau da, Izan Bidea dinamikaren partaide izan, eta etxerako bidea saretzen jarraitzeko aktibazio sozialerako proposamenagaz bat egitera deitu ditu. Dinamika beste hainbat ekimen sozial, politiko eta instituzionalekin bateragarria eta osagarria dela azaldu dute: “Euskal Herrian edota nazioartean gauza daitezkeen ekinbide guztiek bere garrantzia dutelako”.
Norabide horretan, urriaren 3an Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko ekimenagaz bat egiteko deia egin dute gaur. Busturialdean hainbat menditara igoko dira, Gernika-Lumoren kasuan, Kosnoagara; zehaztu dutenez, 10:30ean Pasealekutik abiatuko dira.