Malosteko indarra berriro sentitzeko gogoz
2020-2021 denboraldiko aurkezpen ofiziala egin du Lointek Gernika Bizkaiak gaur, Lointek babeslearen egoitzan. Proiektua sendotzen eta ondo lehiatzen segitzea dela helburua azpimarratu du Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak.
Denboraldi honetako etxeko lehen partidua jokatuko dute Lointek Gernika Bizkaiakoek, domeka eguerdian (12:10) Membibreren kontra.
Hilabete honetan Euskal Kopa irabazi eta Superkopan txapeldunorde geratu ostean, gaur egin dute 2020-2021 denboraldiaren aurkezpen ofiziala. Lointek babeslearen Urdulizko egoitzan batu dira taldeko kideak.
Denboraldi-aurrean Avenidaren kontra lagunartekoa eduki zuten Malosten. Ateak itxita jokatu zuten hura, eta aforo mugatuagaz bada ere, Emakumezkoen Ligaren bigarren jardunaldian, marea granatea bueltatuko da Malostera, asteburuan. “Hilabete bat da daramagu denboraldia prestatzen, eta guretzat Malostera bueltatzea oso polita da. Euskal Kopa Bilbon jokatu genuen, gero Superkopa Miribillan eta ligako lehenenengo partidua Valentzian, beraz, orain espero dugu Malosteko indarra jasotzea. Badakigu jende gutxiago egongo dela, baina etxean jokatzea beti da pozgarria”, adierazi du Naiara Diez Lointek Gernika Bizkaiaren kapitainak.
Maila oso altua dago ligan, eta talde gernikarrak urtez urte bere emaitzak hobetzen jarraitzen du. Denboraldi honetarako ere horixe da helburua, aurrerapausoak ematen jarraitzea. Kapitainaren berbetan, “oso zaila” izango da gauzak hobetzea, baina badakite lan eta lan segitu behar dutela: “Klub honetan zortzigarren denboraldia da niretzat, eta urtero emaitzak hobetzen ari gara. Ligako lehen partiduan ezin izan genuen garaipena lortu. Baina, betiko legez, lan eta lan arituta saiatuko gara hobetzen. Liga oso estu egongo da; lehen jardunaldian ikusi zen. Ez dago talde ahulik. Edozeinek edozeinen kontra irabazi edo galdu ahal du”. Lan egiteko gogoagaz, partidu guztietan lehiakorrak izatea da jokalarien helburua.
Naiara Diez: “Liga oso estu egongo da; ez dago talde ahulik”
Epe luzerako helburuen ordez, helburua ondo lehiatzen, proiektua finkatzen eta sendotzen eta zeresana ematen segitzea dela esan du Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak: “Apurka-apurka joango gara. Ligako taldeak asko indartu dira aurten. Lehen jardunaldiko emaitzetan ikusi da talde lehiakorrak daudela. Parekotasun handia ikusi da. Ondo lehiatzeko ahalik eta arinen gure jokorik onena aurkitzea da gure helburua”. Denboraldi “konplexua” izango dela uste du: “Aurreko denboraldian egindakoagaz ahaztu behar gara. Gehien jokatzen zuten jokalariak ez daude. Elkar ezagutzeko momentuan gaude; automatismoa hartu eta taldean jokatzen saiatu behar gara. Eta hainbeste aldaketagaz hori konplikatua da. Kanpoko lerroan defentsa izaeragaz jokalari gutxiago ditugu, eta kontraerasorako abiadura gutxiagokoak. Baina, altuera, errebote eta batez ere kanpoko jaurtiketa gehiago daukagu”.
Mario Lopez: “Ondo lehiatzeko ahalik eta arinen gure jokorik onena aurkitzea da gure helburua”
Taldekieen arteko “kimika” nabarmendu dute gaurko aurkezpenean. Euren arteko “giro ona” kantxa barruan zein kanpoan igartzen da. “Aurreko denboraldiagaz alderatuta, taldea guztiz desberdina da. Jokalari berri asko oraindik ere nahi dugun jokora moldatu behar dira. Lan handiagaz, edozeinen kontra lehiatzeko gai den talde handia daukagula uste dut”, azaldu du kapitainak.
Etxeko lehen hitzorduaren atarian, mare granatearen babesa ez edukitzea asko igarriko dela dio Gerardo Candina klubaren presidenteak. Izan ere, ikusle gutxiago egongo da partiduetan: “Marea granateak asko sakatzen du taldea. Aforo mugatuagaz zale gutxiago egongo bada ere, espero dugu doazen bazkide eta ikusleek taldeak behar duen bultzada ematea”. Lehia hasi baino ez dela egin-eta, taldeak oraindik ere “hobetzeko tarte asko” daukala uste du: “Taldeak eta klubak dauden moduan ikusita, aurreko denboraldikoa hobetzea arrakasta litzateke”. Beste denboraldi batez, jokalari zein klubaren gainontzeko kideak “ilusioz beterik” daudela azpimarratu du.