Hamalau udal ikastarotan parte hartzeko aukera egongo da Muxikan
Izena emateko epea zabalik dago, eta irailaren 29a da hori egiteko azken eguna.
Aurten ere, ikastaro ugari eskainiko dituzte 2020/2021 ikasturterako Muxikan. Hain zuzen, hamalau ikastaro egongo dira aukeran ume, gazte zein helduentzat.
Urritik maiatzera bitartean, ariketa fisikoa egiteko aukera izango dute ikastaroetan izena ematen dutenek. Hain zuzen, pilateseko, mantentze gimnasiako, zumbako, yogako, gap-eko eta kardio boxeko ikastaroetan parte hartu ahal izango dute: kardio boxeko saioak Ariatzako eskolan emango dituzte, eta beste guztiak, aldiz, Zubieta Errotan izango dira.
Joskintzan aritzeko aukera ere izango dute muxikarrek, urritik maiatzera bitartean, Ariatzako eskoletan.
Gainera, herriko nagusiei zuzendutako Seitai ikastaroa prestatu dute: “Postura arazoak, arnasketa, zirkulazioa, eta likidoen erretentzioa hobetzeko ikastaroa da, Ugarte, Ariatza, Ibarruri eta Gorozikako nagusientzat”, zehaztu eta auzoetako batzar lekuetan izango direla saioak gaineratu dute.
Umeek pintura eta marrazketa ikastaroan, zumba txikin zein ingeleseko eskoletan parte hartu ahal izango dute azarotik maiatzera bitartean, Zubieta Errotan. Ingeleseko eskolak Lehen Hezkuntzakoei zuzendutakoak dira, eta zikloka banatuta emango dituzte. Skateko ikastaroa ere izango dute aukeran; Kurtzeroko frontoian elkartuko dira urritik aurrera.
Gainera, musika eskolak ere emango dituzte nagusi zein gazteentzat. Pandero, trikitixa eta gitarra elektrikoko eskolak daude aukeran.
Irailak 29. Udalak jakinarazi duenez, irailaren 29ra arteko epea dago izena emateko Zubieta Errotan. Halaber, hurrengo helbide elektronikora idatzita ere izena eman daitekeela zehaztu dute arduradunek: liburutegia.muxika@bizkaia.org.
Taldeak osatzeko gutxiengo kopurua zortzi pertsonakoa izango da, eta gehiengoa 15ekoa. Zehaztu dutenez, Muxika, Gorozika eta Ibarrurin erroldatutakoek izango dute lehentasuna.
Koronabirusaren ondorioz, ikastaroetan derrigorrezkoa izango da segurtasun bermea mantentzea. Hala, maskara derrigorrezkoa izango da, eta saio guxtietan bi metroko distantzia gorde beharko da. Gainera, bakoitzak bere esterila eroan beharko du. Gela hutsik geratu arte ezin izango da inor sartu ikastaroetara: “Beheko solairuan edo kanpoan itxaron beharko da sartzeko deitu arte”.