Muruetako Udala 2021eko egutegia osatzeko argazki bila dabil
Argazki lehiaketa antolatu dute, egutegia osatuko duten argazkiak aukeratzeko.
Muruetako Udalak hamabi argazki behar ditu 2021erako udal egutegia osatzeko. Hala, argazki lehiaketa antolatu du.
Argazkiak Muruetan egindakoak izan beharko dira, eta parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki bidali ditzake. Irudiak digitalean bidali beharko dira kultura.murueta@gmail.com posta elektronikora. Muruetako 2021 Udal Egutegia Argazki Lehiaketa izenburupean bidali behar da mezua eta parte hartzailearen izen abizenak, harremanetareko telefono zenbakia eta argazkiaren kokapena jarri beharko direla azaldu dute. Lehiaketan parte hartzeko azken eguna urriak 31 (zapatua) izango da.
Jakitera eman dutenez, ezingo dira aurkeztu aurretiaz aldizkari, egunkari zein liburu batean argitaratu diren argazkiak. Argazkietan pertsonak agertzen baldin badira, argazkiaren egileak onespena beharko du.
Edozein pertsonak parte har dezake lehiaketan. Hala ere, adingabeek guraso edo tutorearen baimena izan beharko dute.
Epaimahaia egutegia antolatzeaz, egiteaz eta editatzeaz arduratuko diren zenbait pertsonek osatuko dute.
12 argazki irabazleen egileek oparia jasoko dute, eta 2021eko Muruetako Udal Egutegian agertuko dira. Gainera, jasotako argazki guztien erakusketa egingo da parte hartzaile guztientzako luntx batekin batera, COVID-19 egoerak posible egiten badu. Erakusketa, sari banaketa eta luntxa azaroaren 28rako aurreikusi dute, 19:00etan, Muruetako udaletxean.