Gaztelekua, Ludoteka eta Bekoportale zarratuta mantenduko dituzte
"Zerbitzua herritarrei modu egoki batean eskaintzeko aukera izan arte" ez zabaltzea erabaki dute.
Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, Gaztelekua, Ludoteka eta Bekoportala zarratuta egongo dira.
Azaldu dutenez, indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriek ez dute aukerarik ematen hiru zerbitzu horiek “bere osotasunean edo modu apropos batean eskaintzeko”. Zerbitzua herritarrei “modu egoki batean” eskaintzeko aukera izan arte, hortaz, ateak zarratuta edukiko dituzte.
“COVID-19ak eragindako osasun krisiak herritarren osasuna eta segurtasuna bermatuko dituzten neurriak hartzera behartu ditu erakunde publikoak. Hauetako batzuk dira, adibidez, aforoen murrizketa eta materialak (koadernoak, margoak, arkatzak…) elkarren artean erabiltzeko ezintasuna. Uumeek ezin ditzakete material hauek elkarbanatu eta aforoen mugak ere ezarri behar izan dira”, diote udal arduradunek. Bi arrazoi horiengatik, besteak beste, aipatu hiru zerbitzuak ez zabaltzeko erabakia hartu du Bermeoko Udalak.
Kultur etxean ikasketa gelarik ez. Beste alde batetik, udaletik gogorarazi gura izan dute Gizarte eta Kultura Etxeko 3.solairuko ikasketa gela ez dagoela erabilgarri.
Udalaren barneko antolaketa dela eta, gela hori udal langileentzako egokitu behar izan dute. Hala ere, bermeotarrek aukera gehiago badituztela aipatu dute; gura duenarentzat udal liburutegia zabalik dagoela gogorarazi dute.