Beñat Obietak laugarrenez irabazi du Bizkaiko Lasto Botatze Txapelketa
5,40 metroko marka eginda, Arratzuko Piratak Herriko Kirol Klubeko kideak merezimendu osoz jantzi zuen domekan Bizkaiko laugarren txapela. Aitor eta Xabier Rodriguez anaiek ere maila ona erakutsi dute.
Herri Kirolak Bizkaiko Lasto Botatze Txapelketa nagusitasun osoz irabazi du Beñat Obieta arratzuarrak. Dimako frontoian jokatuko txapelketan 5,40 metroko marka eginda, merezimendu osoz jantzi zuen domekan Bizkaiko laugarren txapela. “Azken lau urteotan jarraian irabazi dut txapelketa. Helburua beteta, oso pozik nago”. Mikel Agirre ondarrutarra (4,80 metro) zilarragaz bueltatu zen eta podiumeko azken postua Eloy Salterain abadiñarrarentzat (4,60 metro) izan zen. Laugarren eta bosgarren postuak Arratzuko Piratak Herriko Kirol Klubeko Xabier (4,40 metro) eta Aitor (4,20 metro) Rodriguez anaientzat izan ziren, hurrenez hurren.
Txapelketan lortutako emaitzagaz pozik dagoela esan du Piratak Herri Kirol Klubeko kideak, baina entrenamenduetan emaitza hobeak lortu dituela aitortu du. “Entrenamenduetan apur bat gusturago ibili naiz, baina txapelketan urduri egon nintzen. Oinetakoek ere irrist egiten zidaten, eta ez nintzen oso eroso egon».