Pentsiodunen aldarrikapenak bueltatu dira plazetara
"Gauzak hobetu diren arren", sakoneko eskaerek oraindik "konponbide barik" jarraitzen dutelako elkartu dira.
Pentsiodunen aldarriek plazak bete dituzte beste behin. “Gauzak hobetu diren arren”, sakoneko eskaerek oraindik “konponbide barik” jarraitzen dutelako elkartu dira, eta euren aldarriak astelehenero kaleratzen jarraitzeko asmoa dute.
“Oraindik hainbat eta hainbat dira lortu ez ditugun eskaera eta eskubideak. Horregatik berriro etorriko gara, berriro elkartuko gara, berriro okupatuta edukiko ditugu astelehenetako eguerdiak”, adierazi dute, eta “gogoz eta ilusioz” bueltatu direla gaineratu dute.
Egindakoak “merezi” izan duelako jarraitzen dute plazaratzen: “Orain arte egindakoak merezi izan duela aitortu behar dugu”. Hori horrela, erantzuna izan duten hiru eskaera gogoratu dituzte Gernika-Lumoko gaurko elkarretaratzean: “Nor akordatzen da orain %0,25eko kontuagaz? Gaur gaurkoz KPIaren igoera aintzat hartzen da eta ia inork ez du zalantzan jartzen. 2013ko erreforma batzuk ere dindilizka daude. Guzti hau gure eraginez lortu da”.
Zahar etxeen egoera. Bizkaiko zahar egoitzen egoeraz arduratuta agertu dira pentsiodunak: “Pandemiaren bigarren olatua etorri da, eta oraindik ez da hausnarketa autokritikorik egin Ahaldun Nagusiren aldetik, eta egoitzen egoerak kritikoa izaten jarraitzen du”.
Egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileei eta langileei arreta eta prebentzioa emateko neurriak “behin eta berriz” eskatu dituztela diote, baina arazoak “konpondu barik” jarraitzen duela nabarmendu dute: “Ikusten dugunez, osasun eta mendekotasunaren arretarako sistemaren egiturazko gabeziek pandemiaren eragina modu negatiboan baldintzatzen jarraitzen dute”. Gaur egun, pandemiaren bigarren olatuan 40 pertsona hil direla zehaztu dute, eta ehunka izan direla kutsatutako erabiltzaileak eta langileak gaineratu: “Ulertezina egiten zaigu sei hilabete baino gehiagoko pandemiaren ondoren egoitza zentroak kutsatzeko guneak izaten jarraitzea. Jarduketak, protokoloak eta gabeziak borondate autokritikoz atertzen ez badira, ezinezkoa izango da neurriak hartzea, sektore soziosanitarioan eta egoitza zerbitzuetan gertatu dena berriro gerta ez dadin”.
Horretarako, egungo egoera eredua “nabarmen” aldatzea eskatu dute, “premiazkoa baita zerbitzu sare publiko eta unibertsal bat garatzea, eta azterketa eta proposamen esparru bat sortzea”.