Ibai Amillategi nagusitu da Markina-Xemeingo saioan
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hurrengo saioak Muxikan eta Berrizen jokatuko dira eguaztenean.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako beste sailkapen saio bi jokatu ziren barikuan: Markina-Xemeinen bat eta Berangon bestea.
A multzoko saioa lehiatu zuten sei bertsolarik Markina-Xemeinen, eta denetan onena izan zen Ibai Amillategi Omaetxebarria gernikarra. Guztira 184,5 puntu eskuratu zituen, bigarrenak baino hiru gehiago. Iñaki Iturriotz Zuluaga izan zen bigarrena, 181,5 puntugaz. Beñat Bilbao Landa bertsolari gernikarrak 172 puntu bildu eta hirugarren postua eskuratu zuen Markina-Xemeinen.
Laugarrena izan zen Xabier Enbeita Ibarra, 160 puntu lortuta. Haren atzetik sailkatu zen Mikel Galarza Idirin, eta seigarrena izan zen Irune Basagoiti Agirre; 155 eta 123,5 puntu eskuratu zituzten hurrenez hurren.
Gaiak ematen Zihara Enbeita Gardoki aritu zen, eta epaimahaian Alaitz Etxanobe Bereziartua, Graxi Arregi Leonardo eta Jurgi Fuentes Goikoetxea egon ziren. Idazkari beharretan, Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen. Markina-Xemeingo saiorako sarrera guztiak agortu ziren.
Bigarren, Muniategi. B multzoko saioa, Berangon jokatu zen barikuan, Berango Antzokian. Saioan Imanol Arrutia nagusitu zen, 159,5 puntugaz. Bere atzetik puntu erdira sailkatu zen Enare Muniategi Etxeba Gautegiz Arteagako bertsolaria; 159 puntu eskuratu zituen hain zuzen. 156,5 puntugaz hirugarrena izan zen Bittor Altube Sarrionandia, 156,5 puntugaz.
Laugarren postuan Ion Barrocal Besga sailkatu zen, 155 puntu bilduta. Ana Picallo Perezek 143,5 eskuratu zituen, eta Maite Sarasola Isazelaiak, berriz, 140.
Saioan gaiak ematen Beñat Vidal Gurrutxaga ibili zen, eta epaimahaia, ostera, hurrengoek osatu zuten: Ander Arrien Aspiazu, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxea. Idazkaria Karmele Gisasola Zenikazelaia izan zen.
Hurrengoa, Muxikan. Udabarria Bertsotan faseko hurrengo saioak asteon jokatuko dira. Etzi, Muxikan eta Berrizen, eta eguenean, berriz, Zallan eta Derion. Lau saioetarako sarrerak oraindik eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Muxikako Ariatzako eskoletako saioan Eneko Aldana Carrasco foruarra eta Iñaki Lersundi Arrizabalaga ondarroatarra ariko dira bertsotan. Eurekaz batera, Arkaitz Zipitria Mendizabalek, Jone Larrinaga Dañobeitiak, Aritz Landetak eta Peru Irastortza Santxok kantatuko dute.
Nahia Ibarzabal Gisasola markina-xemeindarra Berrizko saioan ariko da; Garazi Navarro Ugarteburu amorotarrak eta Koldo Muñiz Aldamizetxebarria foruarrak Zallan kantatuko dute, eta Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra, Josune Aramendi Perez markina-xemeindarra, Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra eta Mikel Retolaza Etxebarria busturiarra Derioko saioan egongo dira.