Nazioarteko Bakearen Eguna ospatuko du Bakearen Museoak
Ate irekien eguna izango da astelehena.
Beste urte batez, Nazioarteko Bakearen Eguna ospatuko du Bakearen Museoak. Aurton, koronabirusak eragindako egoerara egokitutako ekintzak antolatu ditu Gernika-Lumoko museoak.
Ate irekien eguna izango da astelehena, 10:00etatik 14:00etara. Museoko arduradunek gutxienez ordubeteko bisita egitea gomendatu dute, “museoa ondo ikusteko”.
Horrez gain, Bakearen Egunean bertan, Can Art Stop a Bullet? William Kelly´s Big Picture pelikula Europa osora zabalduko dute, 19:00etan. Saioa ikusi gura dutenek Fan Force TV plataformaren bitartez ikusteko aukera edukiko dute.
William Kellyk Archive of Humanist Art artxibo historikoa sortu du Australian, eta Gernikako Bakearen Museoaren kolaboratzailea izan da azken hamarkadetan. Bakearen aldeko ekintzaile eta artistak munduan zehar egindako bidaia kontatzen du pelikulak, eta bidaia horretan arteari eta giza kontzientziari buruz egindako hausnarketetan sakontzen du.
Hain zuzen, Kellyk hausnarketa horri buruz galdetzen die nazioarteko 30 artista baino gehiagori. Besteren artean, Martin Sheen aktorari, A.C. Grayling, John Keane, Nick Ut edota Rama Mini doktoreari galdetzen die. Adituek azpimarratu dutenez, testigantza ederrak batzen dituen ikus-entzunezkoa da: “Giza esperientziari zentzua emateko eta etorkizun hobea eraikitzeko arteak duen boterearen erretratu eta testigantza ederra”.