"Lan oso profesionala da 'Akelarre', eta babestuta sentitu naiz"
‘Akelarre’ filmaren protagonista da Amaia Aberasturi, eta gaur hasiko den 68. Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean lehiatuko da filma. Urrezko Maskorra eskuratzeko lau hautagaietako bat da.
1609an oinarritutako Akelarre filmaren protagonista da Amaia Aberasturi. Sorgin ehizen errealitatea islatzen du Pablo Aguero zuzendariaren lanak, eta sinesgarritasuna bermatu asmoz, bertako aktore euskaldunekin sorgin ehizak izandako lekuetan pasarteak grabatuta eraiki du ikus-entzunezkoa. Drama historikoa Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra eskuratzeko hautagaia da gaur hasiko den jaialdian. Bertan egongo da Gautegiz Arteagako aktorea, udan Italiako Puglia nazioarteko jaialdian aktore onenaren saria eskuratu eta gero; Vitoria, 3 de marzo filmagatik saritu zuten.
23 urtegaz Zinemaldian egongo zara Akelarre filmaren aktore protagonista moduan. Zer sentitzen duzu?
Ez nuen espero sekzio ofizialean lehiatzen egoterik. Zinemaldian egonda nago, Vitoria, 3 de marzo filmagaz, baina ez genuen lehiaketan parte hartu. Orain, Urrezko Maskorraren lehian egotea itzelezko aitorpena da. Ez nuen horrelakorik espero, eta oso urduri nago, baina pozik etxetik gertu egoteaz. Jaialdi garrantzitsua da Espainian zein Europan.
Zure ibilbide profesionalean salto handia izan da Akelarre filma grabatzea?
Vitoria, 3 de marzo filmatzeak asko lagundu zidan Akelarre egin ahal izateko. Film horri esker ekoizleek nire lanean sinistu dute. Baina Akelarre esango nuke film askoz indartsuagoa dela, batez ere produkzio aldetik. Alde horretatik, erantzun hobea izaten ari da.
Bertan egoteaz gain, Urrezko Maskorra eskuratzeko hautagaietako bat da Akelarre.
Sail ofizialean lehiatuko den film espainiar bakarra da, eta ez nuen imajinatzen horrelakorik.
Irabazteko aukerarik badu?
Ezinezkoa dela pentsatzea gurago dut, eta gero saria badator ederto! Baina oso zaila da. Ez ditut beste filmak ikusi, baina suposatzen dut oso indartsuak izango direla. Trailerrak ikusi ditut, baina filmak ezin dira osorik ikusi, aurre-estreinaldia bertan delako. Ikusi dudan gutxia ikusita, lehia gogorra izango da.
“Sorginkeriaren gaiaren ikuspuntu erreala da filmean kontatzen duguna”
Zelakoa izan zen hautaketa prozesua?
Hautaproba zabala izan zen Akelarrekoa. Aktoreak ez zirenak ere aurkeztu zitezkeen, zuzendaria horien bila zebilelako. Berak jende naturala gura zuen, interpretatzen ez zutenak. Izan ere, euren pertsonalitatea filmean ikustea gura zuen. Baina hautaprobak aurrera joan ahala konturatu zen Ana Ibargurenen rol protagonista egitea oso konplexua zela aktorea ez zen norbaitentzat. Bazekien oso natural gera zitekeela, baina oso zaila zela ikusi zuen. Eta nirea da zeregin hori. Besteen moduan casting-ak egin nituen, eta apurka-apurka horiek igarotzen joan nintzen. Azkenean, Ana izatea lortu arte.
Ana Ibarguren intrepretatzeko egin zenuen hautaproba?
Aukeraketa zabala zenez, denok egin genuen Ana interpretatzeko casting-a, nahiz eta gero denak Ana ez izan. Baina pertsonaiaren gidoia denontzako berdina zen. Nik hasieratik sentitu nuen Ana interpretatu gura nuela. Bakarrik sentitu dut hori film honegaz. Horregatik, coach bat hartu nuen, horretan inbertitu eta pertsonaiaren bila joan gura nuelako.
Zelan prestatu duzu pertsonaiaren interpretazioa?
Hautaprobara joaterakoan pertsonaiaren sorkuntza eginda neukan. Sorkuntza hori probak igaro ahala fintzen joan nintzen. Interpretazioa prestatzeko 1600 urteko errealitatea ezagutzen hasi nintzen lehenengo. Zelakoak ziren gauzak, garai hartako neskak zelakoak ziren… eta Ana neska horretatik zertan desberdintzen zen aztertzen hasi nintzen. Testuingurua landu nuen lehenengo, eta gero, psikologian erabiltzen den erreminta bat erabili nuen: eneagrama. Horregaz Anaren pertsonalitatea eraiki nuen. Animalia bat hartu nuen erreferente, otsoa, eta otsoan oinarrituta sortu nuen Ana.
Pablo Aguerogaz lehenago lan egin duzu?
Lehenengo aldiz egin dut lan beragaz, oso gustura, gainera. Bigarren casting-a egiten ari nintzela ezagutu nuen. Bera zuzendaria izango zela jakin nuenean, bere aurreko film luze eta laburrak ikusi nituen, eta asko gustatu zitzaizkidan.
Urriaren 2an estreinatzen da filma zinema aretoetan. Ikustera doanak zer aurkituko du?
Sorginen gaiaren beste ikuspuntu bat topatuko dute, orain artekoaren desberdina. Mitologiaren ikuspuntutik ezagutu dugu orain arte sorginen gaia, eta hori elizaren eta gizonezkoen ikuspuntua izan da. Baina filmak nesketan jartzen du begirada. Kontatzen duguna da neskek ondo pasatu, barre batzuk bota eta edan egiten zutela, eta horregatik sorginkeria egozten zietela. Neska horien azalean jartzea da asmoa. Orain arte ez da horrelakorik erakutsi pantailan.
Ikuspuntu gaurkotua dauka, beraz.
Ikuspuntu erreala da kontatzen duguna; zelan neska batzuei, bat-batean, neska eta libre izatearren sorginkeria leporatuko dieten. Eta hortik irten egin behar dira, inolako errekurtsorik eta laguntzarik barik.
Grabaketaren pasarte batzuk etxean grabatu dituzue, Lagan, esaterako. Zelan joan ziren?
Grabaketako lehenengo eguna Lagako hondartzan izan zen. Gogoratzen naiz denak hoteletan lo egiten zeudela, eta ni etxean. Arraroa zen, baina oso pozik nengoen. Bi egunez egon ginen han. Ilusio handia egin zidan bertan grabatzeak, eta nire ingurua pantailan batean ikusteak ere ilusioa egiten dit. Euskal Herriko beste toki askotan ere egon gara: Deba, Itziar, Sara, Urbasa edota Lesakan. Azken horretan neskak atxilotu zituzten lekuak grabatu ditugu. Errekurtso asko zeuden grabatuta, eta beti gertatzen den moduan, zerbait kendu behar da. Pena da azkenean Laga ez agertzea.
Grabaketa prozesua zelakoa izan zen?
Iazko maiatzean hasi zen zazpi asteko grabaketa izan zen. Maiatzaren 6an Lagan egon ginen, eta ekainaren amaierarako bukatuta geneukan dena. Oso arina izan zen grabazioa. Gozatzen hasten zarenerako amaitu egiten da grabaketa prozesua beti. Horrelakoa da gure lana. Baina sorkuntza lan handia dago atzetik, otsailetik entseatzen genbiltzan. Beste aktoreekin harremanak landu behar dira grabaketa hasi aurretik. Sei neska izan gara gu, eta gure arteko konplizitatea eta harreman ona filmean nabaritzea nahi genuen. Horretarako, grabaketa hasi aurretik geratu egiten ginen, dantza egiten genuen… Kantatu ere egiten genuen, izan ere, filmean gu gara abesten dugunak. Lan horrek aktoreen arteko harremanak oso estuak izatea eragin zuen, eta hori igarri egiten da kameran. Epailearen papera Alex Brendemuhlek egiten du, eta beragaz ere oso gustura aritu naiz. Aktore oso ona da, eta gauzak errazak izan dira beragaz.
Izen handiko lan taldeagaz aritu zara. Hazteko balio du?
Taldea oso oso ona da. Kamerak eta arte zuzendariak Goyak dituzte, Pablok Cannen sari bat dauka, produktore exekutiboetako batek ere sariak ditu, eta hori nabaritu egiten da. Lan oso profesionala da, eta babestuta sentitu naiz. Jakin nuen lana aurrera aterako zela, eta segurtasun horrek ez dauka preziorik. Taldea pasada bat izan da.
Urriaren 2an estreinatuko da. Jaso duzu iritzirik?
Oso gogotsu nago, baina beldurra ere badaukat. Beti gertatzen zait. Niri asko gustatu zitzaidan, eta ni oso exigentea naiz nire lanagaz. Espero dut jendeari asko gustatzea eta filmak harrera ona izatea, baina oso subjektiboa da dena. Autore zinema da, eta hori ere kontuan hartu behar da. Ez da komertziala. Jaso ditudan iritziak oso oso onak izan dira, bai filmagatik bai nire lanagatik. Normalean ez dut ezer espero, gero datorrenari aurre egiteko. Grabaketekin gustura geratu nintzen, eta orain ikusiko da.
Vitoria, 3 de marzo proiektua ere aurten aurkeztu duzu, eta aktore onenaren saria jaso duzu Italiako Puglia nazioarteko jaialdiaren eskutik. Espero al zenuen?
Konfinamendua bukatu berri zegoen, eta etxean nengoen. Dei bat jaso nuen, eta sariaren berri eman zidaten. Ez nuen espero, 2017an grabatutako ikus-entzunezkoa zelako. Gainera, film onenaren, zuzendaritza onenaren eta gizonezkoen aktore onenaren saria ere jaso zituen. Oso pozik nago aitorpenagaz. Pena da koronabirusagatik Italiara joan ezin izatea.
“Akelarre egin dudanetik, uste dut nire lanean garapena egon dela”
Historia sakona duen lana da.
Historia ezagutzea errazagoa izan da Akelarre filmagaz alderatuta, denboran gertuago gertatu zelako. Dokumentazio asko dago, oso fidagarria. Jendearen testigantzak ere irakurri nituen, eta erraza izan zen. Egia da, baita ere, ez nuela Akelarre bezain beste prestatu. Ni ere apurka-apurka ikasten noa. Akelarre egin dudanetik, uste dut nire lanean garapena egon dela. Orain askoz ere errazago sortzen ditut pertsonaiak. Ondo etorri zait pertsonalki zein profesionalki.
Ze proiektu dituzu esku artean?
Irailerako proiektu bat neukan, baina zalditik erori nintzen, eta bi ebakuntza izan ditut. Orain hilabete bat edo bi geldirik egon behar naiz, ezin dudalako ezer egin. Baina hautaprobak egiten nabil, Gabonetatik aurrerako proiektuei begira.
Orain 11 urte egin zenuen zure lehenengo agerraldia pantailan Zigortzaileak filmagaz. Ordutik, zelan aldatu da Amaia?
Profesionalki asko aldatu naiz, duda barik. 12 urtegaz egin nuen lehenengo film hori. Kasualitatez protagonistaren papera egin behar izan nuen, eta orduan konturatu nintzen aktore izatea gustatzen zitzaidala eta aktore izan gura nuela. Hortik aurrera lan asko egin dut nire ametsa lortzeko. 18 urtegaz Madrilera joan nintzen, Batxilergoa amaitu eta gero. Han Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eta Interpretazioa ikasi nituen, denak aldi berean, eta bitartean lanean egon nintzen.
Zelan ikusten duzu euskal zinemaren errealitatea? Aukerarik badago hemen?
Estatu mailan lan egiteko aukera gehienak Madrilen daude, casting zuzendari gehienak bertan daudelako. Euskal Herrian ez dago horrenbesteko aukerarik. Hala ere, nahiz eta hautaprobak Madrilen egin, filmak beste leku batean grabatu daitezke. Casting zuzendariek zu ezagutzeko egon behar da Madrilen, casting-ak egin eta egiteko lana baita aktoreena. Eta zuzendariek zu hartzeko aukerak oso eskasak dira. Aukerak topatzeko han egon behar da, baina lan egiteko ez. Nik casting zuzendari asko ezagutzen ditut, han bost urte egin ditudalako, lekua hartzea da kontua. Orain etxean geratu gura dut, eta hautaprobak daudenean Madrilera joan. Hasieran casting zuzendariek ezagutzea oso zaila zen, baina, orain, denak lan talde bat garela konturatu naiz. Filmak ondo ateratzeko lanean gabiltza denok.