Berba truke programa martxan jarriko dute aurten ere
Euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiteko maila duten ikasle atzerritarrak hizkuntza horiek menperatzen dituzten pertsonekin harremanetan jartzea da programaren helburua.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak etorkinei zuzendutako Berba Truke programa abiarazi du beste urte batez.
Euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiteko maila duten ikasle atzerritarrak hizkuntza horiek menperatzen dituzten pertsonekin harremanetan jartzea da programaren helburua, eta horretarako bikote linguistikoak sortu eta berbetan aritzeko aukera eskaintzen du.
Hori horrela, etorkinek euskara, gaztelania eta bertoko kultura ezagutzen duten modura, bertoko herritarrek etorkinen jatorrizko herrien ohitura eta kultura ezagutzeko aukera dute. Halaber, Busturialdean bizi diren hainbat jatorritako auzokideen arteko bizikidetza eta elkar ezagutza sustatzea ere indartu gura du Berta Trukek.
Izen ematea. Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak azaldu duenez, eskualdean bizi diren 18 urtetik gorako herritar atzerritarrei zuzendutako programa da. Hala ere, parte hartu gura badute, euskaraz edo gaztelaniaz oinarrizko elkarrizketa bat mantentzeko gai izan behar dira.
Era berean, euskara edo gaztelania menperatu eta eskualdean bizi diren herritarrei ere dei egiten die Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak programan parte hartzera. Prest egon beharko dute ikasten ari diren ikasleekin geratzeko. Programaren iraupena hamar astekoa izango dela zehaztu dute antolatzaileek, eta astean behin geratu behar izango dira bikoteak, ordubetez gutxienez; nahi duten ordutegian eta lekuan geratuko dira.
Helburua hizkuntza batean zein bestean hitz egitea da, beraz, inolako titulaziorik ez dela behar argi utzi nahi izan dute.
Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuko arduradunak programan parte hartzeko interesa dutenak elkarrizketatuko ditu. Eta jasotako informazioagaz bikoteak osatuko ditu; zaletasunak, libre dituzten egunak eta orduak izango dituzte kontutan, besteak beste.
Informazio gehiagorako eta izena emateko Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuagaz jarri beharko da harremanetan; Industria kaleko 7. zenbakian dago bulegoa, 09:00etatik 15:30era zabalik. Hala ere, 94 465 33 23 telefono zenbakira deituta edota hurrengo helbide elektronikora idatzita ere informazioa eskatu ahalko da: immigrazioa@busturialdea.eus.