Aurton ez da adar hotsik entzungo
Deiadar Mendien Eguna bertan behera geratu da, "osasuna eta segurtasuna" bermatze aldera.
COVID-19ren ondorioz, Bizkaiko Batzar Nagusiek bertan behera utzi dute urriaren 3an ospatzekoa zen Deiadar Mendien Eguna. Aurten Gorbeiatik entzutekoa zen Gernikako Batzar Nagusietarako deia, baina urtebete atzeratu dute ekitaldia.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak jakinarazi duenez, aurtengo edizioa urtebete atzeratuko da, “koronabirusak eragindako pandemia dela-eta”. Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazi dutenez, pandemiak azken asteetan izan duen bilakaera “negatiboa” ikusita, “beharrezkoa da urtero bost mendietako batean ehunka mendizale elkartzen dituen hitzordua bertan behera uztea”.
Erabakia osasun erakundeekin eta urtero Bizkaiko ohitura zahar hori antolatzen duten mendi taldeekin berba egin ostean hartu dutela jakinarazi dute: “Beste edozeren gainetik Bizkaiko Batzarrek lehentasuna eman diote ekitaldian parte hartzen duten pertsonen segurtasuntasunari eta osasunari”.
Bizkaiko Batzar Nagusien 25. urteurrenean, 2004an, berriro martxan jarritako tradizioagaz jarraitzeko lanean ari zen Lemoako Ganzabal mendi taldea, baina 2021eko irailean edo urrian ospatuko den ekitaldia antolatu beharko dute.
Ohituragaz segika. Deiadar mendien tradizioak agintzen duen modura, Gorbeiak hartu behar zuen iaz Ganekogorta tontorrean ospatu zen hitzorduaren lekukoa; aurretik, Solluben, Oizen eta Kolitzan ospatu zen eguna. Antonio Truebak idatzitako kondairak dioenez, XIV. eta XV. mendeetan Gernikan egiten ziren bileretako deiak horrela egiten ziren, adar hotsez.